Agifesekin batera antolatu dute ekimena eta 800 ikaslek baino gehiagok parte hartuko dute
Ikastetxeetan buruko osasun arazoak prebenitzeko programa jarriko dute martxan Irunen
Irungo Udalak, Hezkuntza Arloaren bidez, eta AGIFESek buruko osasun arazoen prebentzio programa pilotu bat jarriko dute martxan, hiriko ikastetxeetan prebentzioa eta sentsibilizazioa sustatzeko eta ondoez emozionalaren sintomak goiz identifikatzen laguntzeko, baita buru osasuna bera sustatzeko eta familiak, irakasleek eta ikasleak aktiboki inplikatzeko ere adingabeen ongizatearen alde.
Cristina Laborda alkatearen esanetan, “gazteen osasun mentalaren esparruko prebentzioa funtsezkoa da haien orainan eta geroan. Hiriko ikastetxeen eskaerari erantzunez sortu da programa hau, eta ardatzi ditu prebentzioa eta ongizate emozionalaren sustapena, biak ala biak oinarrizko tresnak dira eta. Bereziki, DBHko etapan jarri dugu arreta, ikasle gehienak adin tarte horretan baitaude, baina derrigorrezko hezkuntzaren ondoko etapako egoerari ere erreparatu diogu”.
Irungo Udaleko Hezkuntzako ordezkari Sandra Caballerok azaldu duenez, “horrelako esperientzia pilotu bat martxan jarrita, zuzenean lan egin dezakegu ikasleekin, eta beren garapen pertsonalerako eta autozaintzarako tresnak eman diezazkiekegu, baita beste zaintzeko tresnak ere, eta, bide batez, ongizate emozionala sustatu. Horrela, giro seguru, babesgarri eta inklusiboa sortuko dugu hezkuntza giroan.
Etapa bereziki delikatua da nerabezaroa, garapen emozional, sozial eta psikologikoaren oinarrizko alderdiak finkatzen dira-eta orduan. Gaur egun, gero eta kezka handiagoa dago nerabeen buru osasunaren inguruan. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 10 urtetik 19 urtera bitarteko zazpi gaztetik batek buru nahasmenduren bat du. Gainera, azken urteetan ikusi denez, antsietateak, depresioak, elikadura nahasmenduek, adikzioek eta beste arazo batzuek gora egin dute.
Hiriko ikastetxeetako DBH 3ko talde guztiei eskaini zaie programa, baita Batxilergoko, Oinarrizko Lanbide Heziketako eta Erdi Mailako Lanbide Heziketako 1. mailako talde batzuei ere.
Orain arte, honako hauek baieztatu dute parte hartuko dutela: Eguzkitza, Txingudi eta Toki Alai BHIek; Irungo La Salle, El Pilar eta San Vicente de Paúl HLBHIPetako DBHko 3. mailako taldeek; eta Bidasoa eta Plaiaundi LHIIetako, Mendibil BHIPko eta Irungo La Salle HLBHIPko Batxilergoko eta Lanbide Heziketako taldeek.
Guztira, 40 tailer egingo dira gehienez ere, ikasturteko hirugarren hiruhilekoan, Bigarren Hezkuntzako 800 ikasle baino gehiagorentzat.
Programa
Bi saiotan banatutako tailerrek osatuko dute programa, eta AGIFESek emango ditu. Lehenengo saioan, ikus-entzunezko materiala eta parte hartzaileen adinaren araberako dinamikak baliatuz, buru osasunaren kontzeptua aztertuko da, eta nerabezaroan sor daitezkeen arazoak normalizatuko dira. Bigarren saioan, berriz, lehenengo hartu-emanaren ondoren ikasleen artean ikusten diren kezka iturriak landuko dira, interes edo ezinegonik handiena pizten duten gaietan sakonduta. Azkenik, laguntza emateko baliabideak eskainiko dira, eta azalduko da zer tresna komunitario eta zer zerbitzu dauden eskuragarri.
