Buru Osasuna Euskadik ohartarazi du indarkeria matxista digitalak gero eta eragin handiagoa duela emakumeen buru osasunean, batez ere jada osasun mentaleko arazoren batekin bizi direnengan. Euskal federazioak, Agifes (Gipuzkoa), Asafes (Araba), Asasam (Aiaraldea) eta Avifes (Bizkaia) elkarteak barne hartzen dituenak, sentsibilizazio-kanpaina bat abiarazi du Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren (azaroak 25) harira. Ekimen honen helburua emakumeak, eta bereziki osasun mentaleko arazoak dituztenak, ingurune digitalean jasaten dituzten eraso matxistetatik babesteko beharraz sentsibilizatzea da.

Nazioarteko hainbat azterlanek ematen diguten datua ikaragarria da: Internet erabiltzen duten emakumeen % 73k baino gehiagok indarkeria digitalen bat jasan dute, hala nola sare sozialetako jazarpena edo irudi intimoak baimenik gabe zabaltzea. Testuinguru horretan, euskal federazioak gogorarazi du indarkeria matxistak, eremu digitalean, higadura psikologiko handia eragiten duela, eta horrek ondorio larriak izan ditzakeela buru osasunean.

“Eraso matxistak pantailen atzean ere ezkutatzen dira. Emakume askok kontrol, jazarpen, umiliazio publiko, mehatxu edo estortsio egoerak bizi dituzte aplikazio eta sare sozialen bidez, eta horrek eragin zuzena du beren buru osasunean”, azpimarratu du María Isabel García Peñak, Buru Osasun Euskadiko Emakumeen Berdintasunerako Arloko kideak.

Eragin handiagoa buruko osasun arazoak dituzten emakumeengan

Buru Osasuna Euskadik bildutako datuek erakusten dute indarkeria matxistak eta osasun mentaleko arazoek lotura nabaria dutela. Bikote-harremanean izan diren eta buru-nahasmenduren bat duten emakumeen % 80k indarkeria psikologikoa, fisikoa edo sexuala jasan du bizitzako uneren batean. Gainera, bikotekidearengandik edo bikotekide ohiarengandik indarkeria jasateko arriskua 2 eta 4 aldiz artean biderkatzen da biktimak buruko osasun arazoren bat duenean.

Horrez gain, nabarmentzekoa da emakume horien % 42k ez duela bere egoera indarkeria gisa identifikatzen. Identifikazio falta horrek, buru osasunak gainean daraman estigmarekin batera, ondorio garbiak ditu: emakume asko ez dira ausartzen salatzera edo bizi dutena kontatzera, haien testigantza kontuan hartuko ez duten beldur direlako. “Askotan zalantzan jartzen da emakumeen kontakizuna, eta horrek zaildu egiten du beren egoeraz hitz egitea eta laguntza jasotzea”, gogorarazi du García Peñak.

Kanpaina berria: “Indarkeria matxista digitalak buru osasuna ere kaltetzen du”

“Indarkeria matxista digitalak buru osasuna ere kaltetzen du” lelopean, Buru Osasuna Euskadiren kanpaina bideo labur eta zuzen batekin hasten da: pantailen atzean gertatzen den indarkeria matxista eta horrek buru osasunean duen eragina salatzen du.

Halaber, ikus-entzunezkoak ekintza hartzera animatzen ditu emakumeak: pribatutasuna babestu, frogak gorde, blokeatu eta salatzera. “Ez da zure errua. Ez zaude bakarrik. Laguntza eskatu” da bideoari amaiera ematen dion mezua, euskal federazioaren eta bere elkarteen babesa helarazteko, bai eta emakumeei laguntza eman diezaieketen esku-hartze sozialeko erakunde guztiena ere.

Bideoaz gain, beste informazio-euskarri batzuk ere eskuragarri egongo dira Emakumea eta Buru Osasuna ekimeneko webgune eta sare sozialetan. Urteak daramatza Buru Osasuna Euskadik egitasmo hori garatzen, gizartea sentsibilizatzeko eta buruko osasun arazoak dituzten emakumeak ahalduntzeko.

Kanpaina berriaren xedea isiltasuna haustea da, askotan normalizatuta dauden indarkeria horiek ikusaraziz eta babesteko eta laguntzeko tresna praktikoak eskainiz.

Emakumeei entzutea eta sinesgarritasuna ematea: erantzukizun soziala

Federazioak narratiba soziala aldatzeko beharra azpimarratu du, bereziki emakumeek indarkeria-egoerak adierazten saiatzen direnean jasotzen dituzten mezuengatik: “Ez da hainbesterako izango!”, “Esajeratzen ari zara”, “Ziur gaizki ulertu duzula”… Adierazpen horiek indarkeria minimizatzen dute eta biktimak laguntza eskatzeko motibaziorik gabe uzten dituzte”, ohartarazi dute Buru Osasuna Euskaditik. Indarkeria matxista geldiarazteko, baita eremu digitalean ere, entzute enpatikoa, laguntza aktiboa eta emakumeak zalantzan jarriko ez dituen gizartea behar ditugu; zapalkuntza-egoera horietatik ateratzeko prozesuan lagunduko duen gizartea, hain zuzen ere.

Sentsibilizazio-ekintza horiek Emakunderen eta Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailaren babesa dute.
Halaber, Buru Osasuna Euskadik bat egiten du Emakunderen kanpainarekin. Aurtengo leloak, “Ez da zure arazoa, gurea da”, gizarte osoa aktibatzeko deia egiten du, indarkeria matxista “normalizatzea” saihesteko.