Adituek ohartarazi dutenez, buru gaixotasunak arreta bereziarekin jorratu behar dira komunikabideetan. Indarkeria tarteko izan den gertakarietan, subjektuak arazo psikiatrikoak dituela argudiatuz justifikatu ohi dituzte gertakizunak, kasu anitzetan. Errealitatea, baina, askoz ere konplexuagoa da eta horrelako sinplifikazio, orokortze edo baieztapen okerrek buru gaixotasunaren gizarte ikuspegia ahultzen dute. Horrela, buru nahasmendua pairatzen duten pertsonekiko estigma indartu egiten da eta horrek negatiboki eragiten du euren errekuperazioan.

Ekainan egindako XII Lundbeck mintegiaren baitan, ohartarazi zuten nahasmendu bipolarra jarrera bortitzekin lortzeak gaixotasun hori dutenekiko estigma indartzen duela. “Paziente horiek erasotzaile baino biktima izateko joera gehiago daukate”, baieztatu zuen Ana González-Pintok, Gazteizko Santiago Apostoluaren Ospitaleko Psikiatria Klinikoko buruak. 

Ibizan bildutako profesionalek jakinarazi zutenez, nahasmendu bipolarraren tratamenduan aurrerapen asko egon da azken urteotan. Munduko seigarren ezgaitasun kausa nagusia den patologia psikiko horrek milioi bat pertsona ingururi eragiten die Estatuan, eta horietako %50k ez daki gaixo dagoela”, Gonzalez-Pintoren esanetan.

Nahaste bipolarra gaztetan sortu ohi da, “15 eta 25 urte artean”. Adin tarte horretan garrantzitsua da diagnostikoa ondo egitea, baina pazienteen %50 baino gehiagorekin ez dute asmatzen gaixotasunaren hastapenetan. Hortaz, depresioa diagnostikatzen zaien pazienteen %30k nahasmendu bipolarra du egiaz”, baieztatu zuen adituak.

Pazientearen orekari on egingo dion tratamendu farmakologikoaz gain, psikohezkuntza lantzeko aholkatzen dute espezialistek, nahasmendua daukan pertsonak berau hobeto ezagutzeko eta sintomak kudeatzen ikasteko.

Halaber, senideen babesa ezinbestekoa da gaixotasuna duen pertsonak bizi-kalitate ona lortzeko eta euren harreman pertsonalak eta lana normalizatzeko.

Komunikabideentzako estilo gidaliburua

Ildo beretik, Buru Osasunarekin loturiko albisteen tratamendua hobetu asmoz antolatutako ekitaldi batean parte hartu zuen Agifesek, Osakidetzaren eskutik.

Aurreititziek eta uste okerrek buru gaixotasuna duten pertsonengan dauzkaten ondorio negatiboak aztertu zituen Agifeseko gerente Ruth Encinasek komunikabideekin egindako bileran. Gainera, errealitatearekin zerikusi gehiago daukaten eta estigma gainditzen laguntzen duten albisteak lantzeko aholkuak eskaini zituen. Horren harira, Fedeafesek argitaratutako estilo gidaliburua, Nola jorratu Buru Osasuna komunikabideetan, aurkeztu zuen Agifeseko ordezkariak.

Bestalde, Gipuzkoako Osasun Mentaleko sareko psikiatra Andrea Gabilondo suizidioei buruzko albisteen eraginaz mintzatu zen, eta informazio egokiagoak eta zuhurragoak hedatzeko jarraibide batzuk azaldu zituen.