Nekazaritza ekologikoaren inguruko esperimentazio-lana burutzea, barazki barietateen dibertsitatea sustatzea eta buru gaixotasuna duten pertsonen aisia, gizarteratzea eta laneratzea bultzatzea. Horiek dira Karabeleko etxaldearen helburuak; ingurumenarekiko eta gizartearekiko jasangarritasuna bermatzea, alegia. Agifesek, Kimu Batek eta Blaseneak garatutako proiektuak Agifesen 39 erabiltzaile…
Karabeleko: jasangarritasuna izkina guztietan
Nekazaritza ekologikoaren inguruko esperimentazio-lana burutzea, barazki barietateen dibertsitatea sustatzea eta buru gaixotasuna duten pertsonen aisia, gizarteratzea eta laneratzea bultzatzea. Horiek dira Karabeleko etxaldearen helburuak; ingurumenarekiko eta gizartearekiko jasangarritasuna bermatzea, alegia. Agifesek, Kimu Batek eta Blaseneak garatutako proiektuak Agifesen 39 erabiltzaile hartu ditu bere egunerokotasunean.
Egunero, Agifeseko hogei lagun inguruk lagundu dute etxaldearen kudeaketan azken hilabeteotan. Guztiek lurrarekin loturiko ekintzak burutzen dituzte, etxaldeko lantaldearekin batera. Erabiltzaileen %51k 36 eta 50 urte bitartean ditu eta gehiengoa gizonezkoak dira, hamarretik zazpi. Jatorriari dagokionez, erabiltzaileen erdia Donostian eta Hernanin bizi da. Taldearen %75k buru nahasmendua du, %8k nahasmendu bipolarra, beste %8k nortasun nahasmendua eta %5k depresioa.
Hernaniko etxaldean dabiltzan erabiltzaileak eguneroko eginbeharretan parte hartzen dute; hala nola lurraren prestaketan, ereitean, barazkien zainketan eta baita horien bilketan eta garbiketan ere.
Erabiltzaileen arteko harremanak sendotzeko, irteerak eta bisitak antolatzen dituzte: Balentziaga Museora, Igeldora, Noaineko Zentzumenen Parkera, etab. Gainera, teknologia berrien inguruko gaitasuna eta komunikaziorako trebetasunak lantzen dituzte, pasa den udaberrian sortu duten blogari esker.
Horrez gain, autonomia pertsonala ere garatzen ari dira etxaldean bertan garbiketa lanak jorratuz, laneko arropa garbituz eta bazkaria prestatuz. Errezeta liburua ere osatzen ari dira. Horrez gain, giza eskubideen, genero-berdintasunaren eta lana bilatzeko tekniken inguruko tailerrak gauzatzen dituzte Karabelekon bertan, euren gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko.
Zehazki, kolektiboaren lan-munduratzea suspertu asmoz, 2016ko lehen seihilekoan, Agifeseko lau erabiltzailek Sartu federazioak Karabelekorekin batera antolatutako prestakuntza-programa batean parte hartu dute. Erabiltzaileek gaitasun pertsonalak landu dituzte eta, ikastaroaren bigarren atalean, formakuntza teknikoa jaso dute Karabelekon, baratze ekologikoaren inguruko ezagutzetan eta tekniketan sakontzeko.
Hernaniko etxaldean praktikak egin dituzte hilabetez eta, amaieran, parte-hartzaileetako bik hiru hilabeteko lan-kontratua lortu dute, lan gehien dagoen garaian Karabelekoko langile taldeari laguntza emateko helburuarekin.
