Agifesek ‘Askatu zeure burua: buruko gaixotasunen inguruko mitoak apurtu’ sentsibilizazio kanpainaren hirugarren bideoa aurkeztu du. Karlos Arguiñano sukaldari ospetsuak borondate osoz parte hartu du, Javi Garda Agifeseko bazkidearekin batera, nahasmendu ziklotimikoa ardatz duen ikusentzunezko horretan.

Hiru minutuko bideo horrek protagonistek izandako elkarrizketa laburbiltzen du. Javiren gaixotasuna, krisialdiak, iraganeko suizidio saiakerak, bere errekuperazioa eta horretarako funtsezkoak izan diren laguntzaileak dira hizpide. Halaber, Javiren zaletasunez mintzatzen dira, hala nola sukaldaritzaz, eta elkarrekin errezeta goxo bat prestatzen dute.

Sentsibilizazio kanpainaren ondorioak agerikoak dira dagoeneko, eta oso positiboak, hilabete gutxitan beraientzako edota beren senideentzako laguntza bila Agifesera jotzen duten pertsonen kopuruak gora egin duelako nabarmen. Kanpainaren helburu nagusietako bat zen hori eta, horregatik, Agifesek eskertu nahi die hedabideei erronka handi hori aurrera eramateko eman dioten laguntza handia.

Aurten, hilabetero, bideo berriak kaleratzen jarraitu nahi du Agifesek, buruko gaixotasunak dituzten pertsonek jasaten duten estigmari aurre egiteko eta kolektiboak berak dituen beldurrak eta mugak gainditzeko asmoz. Elkarteak gizarteari helarazi nahi dio buruko gaixotasunak dituzten pertsonak besteen modukoak direla, kezka eta helburu berak dituztela eta kontuan hartuta izatea merezi dutela.

Hurrengo ekitaldiak
Agifes sari-banaketa ekitaldi bat prestatzen ari da datorren apirilerako. Bertan elkartearen ibilbidean parte hartu eta lagundu duten zenbait pertsona eta entitateren lana saritu nahi dute. Bestalde, arte produkzioarekin lotutako lehiaketa batzuk antolatzen ari da, hiritarrek kanpainan parte har dezaten. Halaber, dokumental bat egingo dute Agifesek antolatzen dituen tailer terapeutikoek dauzkaten onurak erakusteko. Urteko mugarria, baina, Osasun Mentalaren Egunaren ospakizuna izango da, urrian, Donostian.