Martxoaren 26an, Debagoiena eskualdeko bazkideekin lehen topaketa egin genuen Arrasateko abade-etxean. Hurbiltasunezko giroan, Arrasate Buruzaintza Elkargunea proiektua aurkeztu eta, aldi berean, eskualdeko bazkideen behar eta proposamenak entzuteko prozesua abiarazi genuen.

Eskualdeko hamar bat lagunek parte hartu zuten topaketan, eta haiekin batera izan ziren Vicente Areta presidentea eta Esme López eta Amparo Fernández Bidasoaldeko bazkideak. Azken biek Irungo boluntario lanetan duten esperientzia partekatu zuten.

Topaketa Agifeseko profesionalen taldeko Ruth Encinasek, Ainhoa Azkuek eta Lide Unanuek dinamizatu zuten.

Aurkezpenen ondoren, Ruth Encinasek Arrasate Buruzaintza Elkargunea azaldu zuen: osasun mentaleko arazoa duten pertsonei eta haien familiei zein babes-sareari informazioa eta arreta emateko espazio irekia izango da. Horren helburua laguntza eta babesa jasotzeko eta aisialdiko jardueretan parte hartzeko gunea eskaintzea da. Parte-hartzaileek beren esperientziak eta kezkak partekatzeko, eta buru osasunaren zaintzari buruzko informazioa eta prestakuntza jasotzeko ere aukera izango dute.

Arrasate Buruzaintza Elkargunea osasun mentaleko arazoa duten pertsonei eta haien familiei zein babes-sareari informazioa eta arreta emateko espazio irekia izango da. Horren helburua laguntza eta babesa jasotzeko eta aisialdiko jardueretan parte hartzeko gunea eskaintzea da. Parte-hartzaileek beren esperientziak eta kezkak partekatzeko, eta buru osasunaren zaintzari buruzko informazioa eta prestakuntza jasotzeko ere aukera izango dute.

Halaber, Agifeseko gerenteak ekimenaren bi ardatz nagusiak aurkeztu zituen:

  • Elkargunea: diagnostikoa duten pertsonei eta senideei orientazioa eta arreta eskaintzera bideratutako espazioa. Gune horretan, harrera zerbitzua eskainiko da, familientzako laguntza-taldeak sortuko dira, aisialdi komunitarioko jardueretan parte hartzeko aukera izango da eta buru osasunarekin loturiko errekuperazio-prozesuan dauden pertsonek babesa jasoko dute.
  • Laborategi komunitarioa: zona honetako beharrak entzuteko gunea izango da, komunitatearekin batera irtenbideak diseinatu eta sortzeko, eragileen arteko koordinazioa hobetzeko eta buru osasunaren arloko berrikuntza soziala sustatzeko, erakunde eta komunitateko eragileekin elkarlanean. Bertan, familiek, diagnostikoa duten pertsonek, ospitale barruko eta kanpoko osasun-sistemek, udalek, beste gizarte-erakundeek, unibertsitateek eta abarrek parte hartzea aurreikusten da.

Aurkezpenaren ondoren, solasaldia egin zen parte-hartzaileek iritziak, bizipenak eta errealitate desberdinak mahai-gaineratzeko, Esmek eta Amparok Irungo boluntario gisa azaldutako testigantzatik abiatuta.

Helburua espazio hau bazkideekin batera sortzea denez, funtsezkoa izango da eskualdea ezagutzen duten eta buru nahasmendua gertutik bizi duten pertsonen borondatezko parte-hartzea, modu ezberdinetan.

Saioa amaitzeko, entzute aktiboko prozesu bat gauzatu genuen, proiektuaren garapenerako funtsezkoak izango diren beharrak hautemateko. Honako hauek nabarmendu ziren:

  • Laguntza emozionala
  • Laguntza-taldeak
  • Eskuragarri dauden zerbitzu zein baliabide guztien berri izatea
  • Erreferentziazko espazio bat edukitzea
  • Aholkularitza juridikoa
  • Enpleguarekin, osasunarekin, hezkuntzarekin eta beste sistemekin lotutako beharrak
  • Etorkizunarekiko kezka
  • Erakunde eta komunitate mailako koordinazioa eta komunikazioa hobetzea
  • Sentsibilizazio jarduerak formatu irisgarriagoetan egitea, hala nola streaming bidez

Topaketa hau lehen urrats baliotsua izan da komunitatearen benetako beharrei erantzuten dien espazio parte-hartzailea eraikitzeko. Gainera, balorazio oso positiboa izan dugu, eta azpimarratu ahal izan dugu konpromiso garbia dugula eskualdean zaintza, entzute eta elkar-laguntzarako espazioak sustatzen jarraitzeko.

Datozen asteetan, proiektuari forma ematen jarraituko dugu ekintza eta topaketa berrien bidez, jasotako ekarpenak txertatuz, Buruzaintza Elkargunea komunitate osoarentzat baliagarria, hurbila eta irekia izan dadin.