Azaroaren 20an, astelehenean, Agifesek antolatutako Zinema eta Buru Osasuna Zineforum Zikloaren hirugarren filma proiektatuko da Donostian, 19:30ean Príncipe zineman. Ken Loach zinemagile britainiarrak zuzenduriko ‘Buscando a Eric’ komediak protagonistaren krisia kontatzen du, bikote-harremanean dituen arazoen eta seme-alabekin dituen liskarren ondorioz sufritzen duen egoera. Protagonistak erreakzio originala izango du krisiaren aurrean: bere idoloa den Eric Cantona futbolariaren posterrarekin hitz egiten hasiko da, eta Cantona erreal bilakatu eta aholkulari moduan arituko zaio. Proiekzioaren ondoren, psikologo batek gidatutako solasaldian parte hartzeko aukera izango du ikusleak, filmaren mezuan sakondu eta zalantzak argitu ahal izateko.  

‘Berdingabea zara’ sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoen inguruko informazioa eta kolektiboarenganako gertutasuna bultzatzea. Azaroaren 6an hasi zen zineforum zikloak azken saio bat izango du hilaren 27an, Donostiako Príncipe zineman, 19.30ean. Sarrera doan da, baina gonbidapenak aldez aurretik jaso beharko dira zinemako leihatilan bertan.

Gizarte-bazterketa eta depresioa bezalako gaiak jorratzen dituen eta bi Oscar sari eskuratu dituen ‘El indomable Will Hunting’ drama estatubatuarrak eman zion hasiera ekimenari. Ondoren, nerabeen depresioa izan zen aztergai, azaroaren 13an, ‘Una historia casi divertida’ pelikulari esker. Hilaren 20ko proiekzioaren ondoren, azaroaren 27an, azken urteotako italiar zinemaren arrakasta handienetakoa proiektatuko da: ‘Locas de alegría’.