Aurtengo edizioko ekimen nabarmenen artean, antolatzaileek iragarri dute euro solidarioa —salduko den abonu bakoitzeko euro bat— Agifesi emango diola.
Erreginaren Eskubaloi Kopak Agifesi emango dio euro solidarioarekin bildutako dirua
Gipuzkoak Emakumezkoen Eskubaloi Erreginaren Kopako azken fasea hartuko du maiatzaren 8tik 10era. Goi mailako kirol lehiaketaz gain, inklusioa, berdintasuna eta herritarren parte-hartzea ardatz izango ditu txapelketak, programa zabal batekin.
Aurtengo edizioko ekimen nabarmenen artean, antolatzaileek iragarri dute euro solidarioa —salduko den abonu bakoitzeko euro bat— Agifesi emango diola.
Ekarpen horrek eragin zuzena izango du gure elkarteak Gipuzkoan egiten duen lanean: buruko osasun arazoak dituzten pertsonak eta haien familiak errekuperazio prozesuetan laguntzea, eta buru osasunaren inguruko gizarte-sentsibilizazioan aurrera egitea.
Kirolaz harago doan ekitaldia
Ekitaldiaren aurkezpen ofizialak joan den astean bildu zituen Donostian hainbat erakunde eta gizarte-eragile, hitzorduaren izaera kolaboratiboa agerian utziz. Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Super Amara Bera Bera kluba, Gipuzkoako Eskubaloi Federazioa, Agifes, Begirare, ONCE eta Real Sociedad Fundazioa izango dira Koparen garapenean parte hartuko duten eragileetako batzuk.
Ekitaldiak kirol arloa gainditu nahi du, herritar guztientzako esperientzia partekatu bihurtzeko. Ildo horretan, programazioak publiko ezberdinei zuzendutako jarduerak bilduko ditu, emakumeen lidergoa, gizarte-inklusioa eta komunitate-kohesioa bezalako balioak sustatzeko.
Kirola, inklusioa eta sentsibilizazioa
Lehiaketaz gain, Kopak hainbat ekimen izango ditu: teknifikazio saioak, kalean egingo diren eskubaloi jarduerak, “Kapitainak” programaren baitan emakumeen lidergoari buruzko topaketak, eta Illunbeko Fan Zone-a. Bertan, Agifesen stand bat egongo da, sentsibilizazio lana egiteko eta merchandising produktuak saltzeko.
Halaber, irisgarritasunaren arloan neurri aitzindariak txertatuko dira, hala nola partida guztien audiodeskribapena, eta ikusmen desgaitasunaren inguruko sentsibilizazio ekintzak.
Lurraldearekiko konpromiso partekatua
Agifes euro solidarioaren onuradun gisa aukeratzeak indartu egiten du Erreginaren Koparen konpromiso soziala eta Gipuzkoarekiko duen lotura.
Horrela, ekitaldia ez da soilik kirol egutegiko hitzordu garrantzitsu bat; gizartean eragin positiboa sortzen duten ekimenak bultzatzeko plataforma ere bada, aniztasunaren eta buru osasunaren inguruko ikuspegi inklusiboagoa sustatzen baitu.
