Rafael Benito psikiatrak lehen mailako arreta zerbitzuan maiztasun gehiagorekin aurkitzen diren nahaste mentalen gaineko hitzaldi interesgarria eskaini zuen iragan uztailaren 16an Ibiltzen Benta Berrin. ‘Nahaste psikiatrikoak: XXI. mendeko erronka soziosanitario nagusia. Lehen Mailako Arretan dituzten ondorioak’ izenburupeko mintzaldi honetan, hainbat gaixotasun jorratu zituen adituak: besteak beste, antsietatea, depresioa eta nahaste somatoformeak (sintoma fisikoak eragiten dituzte, baina ez dute arrazoi organikorik, psikologikoa baizik). Gaixotasun hauek, zehazki, gure garaiko arazo sanitario eta sozial larriena bilakatzen ari dira espezialistaren esanetan.

Gaixotasun neuropsikiatrikoak lehenengo ezgaitasun kausa direla erakusten duten Osasunerako Mundu Erakundearen datuak eman zituen hizlariak. Sei nahaste psikiatriko munduko 20 gaixotasun ohikoenen artean daude. Depresioa munduko bosgarrena da, eta seigarrena Europa mailan. Bestalde, 2006an munduko populazioaren %15ak psikofarmakoak hartzen zituen, medikuak esanda. Lehen mailako arretan jasotako zifrei erreparatuz gero, pazienteen %50ak antsietatea pairatzen du; %10 eta 15 artean, depresio larria; eta %19-26 artean, nahaste somatoformeak, adibide batzuk jartzekotan. Gainera, kontsultara joandako haurren %20ak du nahaste mentalen bat .

Zenbait kasutan gaixotasun hauek oso goiz hasten dira, arreta defizit nahastea esaterako, umeen %5ari eragiten diona. Adituak azaldu zuenez, haurren nahasteak bereziki zailak dira detektatzen, izan ere, “kosta egiten zaie txikiei gertatzen zaiena adieraztea eta gurasoak ere ez dira arazoak identifikatzeko gai izaten”:

Elikadura nahasteei buruz ere mintzatu zen medikua: “Nerabezaroan sortzen dira normalean, eta azkenaldian lehenago ere bai”. Animoaren egoeraren nahasteak ere aipatu zituen eta depresioan zentratu zen. Azaldu zuen “zenbat eta denbora gehiago pasa sendatu gabe, orduan eta gehiago kaltetzen direla buruko ehunak”. “Konprobatua dago antidepresiboek hondatutako zonen berreskurapena indartzen dutela” eta, frogatu ez bada ere, psikoterapiak asko lagun dezakeela uste du espezialistak.

Antsietatearen nahasteen –angustia, gizarte fobia, nahaste obsesibo-konpultsiboa edo estres postraumatikoa- ezaugarri dira “gehiegizko iraupena edo intentsitatea” eta gaixoek errealak ez diren mehatxuen aurrean izaten dituzten “erantzun ezegokiak”. Azkenik, nahaste somatoformeen kasuan, adituak azpimarratu zuen “funtsezkoa dela lehen mailako arretako lantaldearen papera, paziente hauek ezin baitute ulertu euren gaixotasuna ez dela fisikoa. Psikiatraren kontsultara joateko trabak jartzen dituzte eta, beraz, askoz eragingarriagoa da lehen mailako arretako mediku baten esku jartzea”.

Gaixotasun hauek osasun publikoarentzat arazo larria direnez, lehen mailako arretako azpiegiturek esfortzu berezia egin behar dute prebentzioan eta tratamenduan. Rafael Benitok aditzera eman zuenez, gaur egun “oso baxua da” nahaste hauen detekzio maila lehen mailako arretan.

Koordinazio sanitarioa

Adituaren arabera, momentuz ez dago nahaste hauen agerpena ekiditeko eragingarria dela frogatu den estrategiarik; izan ere, asko dira horien azaleratzean eragiten duten faktoreak: herentzia genetikotik hasi eta gaixotasuna piztea bultzatzen duten gainontzeko faktore guztiak (ingurune familiar eta sozialaren ondorio direnak) kontuan izan arte. Hala ere, gaixotasun gehienen kasuan frogatua dago “detekzio eta tratamendu goiztiarrak nabarmen hobetzen dutela pronostikoa”. Horretarako, psikiatrak “koordinazio sanitarioa” sendotu beharra aldarrikatu zuen.

Galderen txandan, hitzaldira gerturatu ziren marko sanitarioko hainbat langilek bat egin zuten lehen mailako arretaren eta espezializatuaren artean komunikaziorik ez dagoela baieztatzen. Halaber, erantsi zuten konfidentzialtasunak ez duela pazienteen azterketarako traba izan behar, “arreta sistemikoaren aurkakoa” dela informazioa partekatu beharrean profesional bakoitzak beretzat gordetzea.