Depresioaren inguruko informazioa eta gaixotasun hau gainditzeko aholkuak jaso genituen urriaren 18an, Hondarribian, Maider Gorostidi psikologoaren eskutik. Agifeseko langileak depresioa gaitz serioa dela defendatu zuen, nahiz eta maiz egunerokotasunean arintasunez erabili ‘depre’ hitza. Hala ere, argi utzi zuen konponbidea eta tratamendua duen arazoa dela, eta depresioa gainditzeko hainbat modu daudela. …
Maider Gorostidi, Agifeseko psikologoa: «Depresioa duen senideari nola lagundu? Babesa emanez, baina baita distantzia mantenduz ere»
Depresioaren inguruko informazioa eta gaixotasun hau gainditzeko aholkuak jaso genituen urriaren 18an, Hondarribian, Maider Gorostidi psikologoaren eskutik. Agifeseko langileak depresioa gaitz serioa dela defendatu zuen, nahiz eta maiz egunerokotasunean arintasunez erabili ‘depre’ hitza. Hala ere, argi utzi zuen konponbidea eta tratamendua duen arazoa dela, eta depresioa gainditzeko hainbat modu daudela.
Pentsaeran, sentimenduetan eta portaeran aldaketa handiak eragiten dituen nahasmendu psikologiko hau areagotzen ari dela azpimarratu zuen Gorostidik. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, bigarren ezgaitasun kausa izango da etorkizunean eta, Osakidetzaren datuek diotenez, euskaldunen %10k jasango du depresio-aldiren bat bizitzan zehar. Edonori gerta dakioke, baina garaiz bilatzen bada profesionalen eta gertukoen laguntza, gainditzeko aukera handiagoa izango da, eta osatze-prozesua azkarragoa, psikologoak aditzera eman zuenez.
Genetika, neurotransmisoreen desoreka, arazo pertsonal edo laboralak, alkohola eta drogak, gaixotasun larriren bat edukitzea… Normalean, hainbat faktorek eragiten dute depresioaren agerpenean, Gorostidik azaldu zuenez, eta tratamendu ezberdinekin egiten zaio aurre gaixotasunari: medikazioa, terapia edo auto-laguntza erabiliz, adibidez. Hiruak baliatzearen alde agertu zen hizlaria, baita senideen eta lagunen babesa bilatzearen alde ere.
Azkenik, depresioa gainditzeko zenbait aholku eta jarraibide eman zituen. Alde batetik, nahasmendua edukiz gero, pixkanaka honako pausu lagungarriak har daitezkeela aipatu zuen: profesionalen gomendioak entzun, gertukoen laguntza bilatu, gaitzari buruz informatu, fisikoki eta psikologikoki aktibo mantendu edo egunero helburu txiki eta konkretuak ezarri.
Bestalde, lagun edo senideen babesa garrantzizkoa dela azpimarratu zuen Gorostidik, baina distantzia mantentzen jakitea eta deprimituta dagoen pertsona ez itotzea gomendatu zuen. Hau da, pazientzia, kariñoa, elkar ulertzea… beharrezkoak dira, baina pertsonaren behar guztiak asebete gabe eta menpekotasunean erori gabe.
