Maiatzaren 23an, asteartean, Agifesek antolatutako Zinema eta Buru Osasuna Zineforum Zikloaren hirugarren filma proiektatuko da Zarautzen, 19:00etan Modelo zinema aretoan. Jennifer Lawrence eta Bradley Cooper aktoreak protagonista dituen eta David O. Russellek zuzendutako ‘El lado bueno de las cosas’ pelikulak zortzi Oscar saritan hautagai izan zen. Komedia dramatiko honek buru nahasmendua duten bi protagonisten arteko amodio istorioa kontatzen du eta bi buru nahasmendu lantzen ditu: bipolarra eta obsesibo-konpultsiboa. Proiekzioaren ondoren, elkarteko sentsibilizazio batzordeko kide batek gidatutako solasaldian parte hartzeko aukera izango du ikusleak, filmaren mezuan sakondu eta zalantzak argitu ahal izateko.  

‘Berdingabea zara’ sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoak gertutik ezagutzea eta kolektiboaren gizarte-babesa sustatzea. Maiatzaren 9an ‘Elling’ pelikularekin hasi zen zineforum zikloa, eta hilaren 16an ‘Love & Mercy’ proiektatu zen. Sarrera doakoa izango da eserlekuak agortu arte.

‘El lado bueno de las cosas’ filmaren ostean, maiatzaren 30ean ‘Shine’ film australiarrak itxiko du zineforuma eskizofrenia izan zuen David Helfgott pianista eta haur prodijioaren bizitzan oinarritutako istorioarekin.