Nola iritsi zinen elkartera?

2002an hasi nintzen bertan, Psikologiako praktikak egiten, eta jada banuen buru osasunarekin harremana, DYAn boluntario lanetan bainenbilen. Guztira, 10 urte eman nituen han eta muturreko egoerak kudeatzen ikasi nuen.

Zein da zure zeregina Agifesen?

Hezitzaile gisa hasi nintzen eta egun psikologo lanetan nabil, banakako arreta eskainiz nahiz taldeko saioak gidatuz. Gainera, laguntza psikosozial komunitarioko programaren koordinatzailea naiz. Horren bitartez, buru nahasmendua dutenei babesa ematen diegu euren ingurune komunitarioan bizitza duina izaten laguntzeko.

Duela hiru bat urte, depresioari emandako arreta indartzeko apustua egin zuen Agifesek. 

Depresio-sintomak zituen jende asko hasi zen bertaratzen eta zerbait egiteko beharra sentitu genuen. Ondorioz, tailer bat jarri genuen martxan nahasmendu hau pairatzen zutenentzat eta, ostera, laguntza-taldeak sortu genituen. Hurbilduz programa ere abiarazi genuen 2019 urtearen amaieran, laguntza-saretik urrun dauden pertsonei laguntzeko, profesionalok haiek dauden lekuraino gerturatuz. Gizarte-eragile anitzen eskutik, depresio edo sufrimendu psikikoa jasaten ari diren eta laguntza eskatzeko zailtasuna duten pertsonak hautemateko eta artatzeko xedea du programak.

Zer da zure lanaz gehien atsegin duzuna?

Pertsona bati laguntzea lortzen duzunean oso hunkigarria da. Eskainitako laguntzak fruituak ematen dituela ikustea pozgarria da.

Agifesen egin duzun ibilbide luze honetan ikasitako zerbait azpimarratuko zenuke?

Pertsonak oso kalteberak garela ikasi dut, baita buru osasun arazoak edonori gerta dakiekeela ere. Naturaltasun handiagoz hartu beharko genuke laguntza eskatzea.