Azaroaren 28an, astelehena, Agifesek antolatutako Zinema eta Buru Osasuna Zineforum Zikloaren azken filma proiektatuko da Donostian, 19:30ean Príncipe zineman. John Cusack eta Paul Dano aktoreak protagonista dituen ‘Love & Mercy’ pelikula estatubatuarraren inguruko saio horretan, Beach Boys musika-taldeko arima zen Brian Wilson musikagilearen buru osasun arazoak izango dituzte aztergai bertaratuek. ‘Biopic’ honek, Wilsonen aitak eta terapeutak protagonistarekiko zuten abusuzko harremana aztertzen du, baita maitemintzean Wilsonek egiten duen ahalduntze prozesua ere. Proiekzioaren ondoren, Carmen Clemente psikologoak gidatutako solasaldian parte hartzeko aukera izango du ikusleak, filmaren mezuan sakondu eta zalantzak argitu ahal izateko.  

 

‘Mintzatuz osatu’ sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoak dituzten pertsonekiko enpatia eta gizarte-babesa sustatzea. Azaroaren 7an hasi zen zineforum zikloaren azken saioa izango da hau. Sarrera doan da, baina gonbidapenak aldez aurretik jaso beharko dira zinemako leihatilan bertan edo Agifesek Donostian duen egoitzan.

 

David O. Russell zuzendariaren ‘El lado bueno de las cosas‘  komedia dramatikoak, Oscars sarietarako zortzi nominazio jaso zituenak, eman zion hasiera ekimenari. Lehen saioan bi buru nahasmendu aztertu ziren: bipolarra eta obsesibo-konpultsiboa. Ondoren, buru gaixotasuna duten pertsonen familia eta maitasun harremanak izan ziren aztergai,  azaroaren 14an, ‘Benny & Joon (El amor de los inocentes)’ pelikulari esker. Aurreko astean, depresio larriaren eta doluaren txanda heldu zen ‘Con amor, Liza’ pelikularen proiekzioarekin.