Maiatzaren 16an, asteartean, Agifesek antolatutako Zinema eta Buru Osasuna Zineforum Zikloaren bigarren filma proiektatuko da Zarautzen, 19:00etan Modelo zinema aretoan. John Cusack eta Paul Dano aktoreak protagonista dituen ‘Love & Mercy’ pelikula estatubatuarraren inguruko saio horretan, Beach Boys musika-taldeko arima zen Brian Wilson musikagilearen buru osasun arazoak izango dituzte aztergai bertaratuek. Pelikula biografiko honek Wilsonen aitak eta terapeutak protagonistarekiko zuten abusuzko harremana aztertzen du, baita maitemintzean Wilsonek egiten duen ahalduntze prozesua ere. Proiekzioaren ondoren, elkarteko sentsibilizazio batzordeko kide batek gidatutako solasaldian parte hartzeko aukera izango du ikusleak, filmaren mezuan sakondu eta zalantzak argitu ahal izateko.  

‘Berdingabea zara’ sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoak gertutik ezagutzea eta kolektiboaren gizarte-babesa sustatzea. Maiatzaren 9an ‘Elling’ pelikularekin hasi zen zineforum zikloa Zarauzko Modelo zinema aretoan burutzen da 19:00etan. Sarrera doakoa izango da lekuak agortu arte.

‘Love & Mercy’ filmaren saioaren ostean, nahasmendu bipolarra eta nahasmendu obsesibo-konpultsiboa aztergai dituen ‘El lado bueno de las cosas’ lanaren txanda iritsiko da hilaren 23an. Zikloa ‘Shine’ film australiarrak itxiko du maiatzaren 30ean, eskizofrenia izan zuen David Helfgott pianista eta haur prodijioaren bizitzan oinarritutako istorioak, hain zuzen.