Datorren urriaren 10ean ospatuko den 2009ko Osasun Mentalaren Mundu Egunaren leloak (‘Osasun Mentala lehen mailako arretan: tratamenduak hobetzen eta Osasun Mentala sustatzen’) azpimarratu nahi du ezinbestekoa dela buru-eritasunen arretari garrantzia gehiago eskaintzea. Osasun Mentalaren Mundu Federazioak, egun honen inguruan prestatu duen informazio txostenean, aditzera ematen du “gaixotasun mentalen bat jasaten dutela estimatzen den 450 milioi pertsonetatik, erdiak baino gutxiagok jasotzen du behar duen arreta”.

AEBetako Hogg Foundation for Mental Health fundazioak baieztatzen du “gaitz klinikoak eta burukoak oso loturik daudela”. Horregatik, Osasun Mentalaren Mundu Federazioak aldarrikatzen du badela garaia “gobernuek eta osasunaren arreta sistemek lehentasun gorena eskaintzeko arreta zerbitzuaren osoko ikuspuntu bat sortzeari, ongizatea bermatuko duena; gaixotasunaren eta ongizatearen alderdi guztiak barneratuko lituzke zerbitzu horrek tratamendu bakar batean”.

Loturak atalean eskura dezakezue txostena. Informazio zabala eskaintzen duen dokumentua da hau: bost zatitan banatua dago eta hainbat adituren artikuluak biltzen ditu. Beste hainbat gairen artean, txostenean jorratzen dira gorputzaren eta buruaren arteko lotura, nahaste mentalen detekzioa lehen mailako arretan edo lehen mailako arretan diharduen medikuek izan beharreko formazio psikiatrikoa.