TOC nahasmenduan aditua den Rosa Lafuente psikologoak buru gaixotasun honen inguruko hitzaldia eskaini zuen pasa den irailaren 13an Ordiziako Barrena kultur etxean. Etengabeko zalantzaren nahasmendua edo nahasmendu isila deituraz ezagutzen den gaitz honen lehenengo sintomak hasten direnetik zazpi edo hamar urtera diagnostikatzen dela azaldu zuen hizlariak, eta nahasmendua duen pertsonarengan eragiten…
Rosa Lafuente, psikologoa: «Nahasmendu obsesibo-konpultsiboaren kasuan, hitz egitean soilik oinarritutako terapia ez da nahikoa izaten»
TOC nahasmenduan aditua den Rosa Lafuente psikologoak buru gaixotasun honen inguruko hitzaldia eskaini zuen pasa den irailaren 13an Ordiziako Barrena kultur etxean. Etengabeko zalantzaren nahasmendua edo nahasmendu isila deituraz ezagutzen den gaitz honen lehenengo sintomak hasten direnetik zazpi edo hamar urtera diagnostikatzen dela azaldu zuen hizlariak, eta nahasmendua duen pertsonarengan eragiten duen lotsa ere azpimarratu zuen. Nahasmendu obsesibo-konpultsiboaren inguruko informazio orokorra emateaz gain, liburuetan agertzen ez diren bi TOC ezezagunez mintzatu zen psikologoa: TOC superstizioso-magikoa eta min emateari beldurra eragiten duen nahasmendua.
Euskadi osotik bertaratutako hogeita hamar entzule ingururen aurrean, Rosa Lafuentek oso gutxi ezagutzen den nahasmendu honen nondik norakoak azaldu zituen. Psikologoak laburtu zuen moduan, antsietatean oinarritutako gaixotasuna da TOCa. Mota guztietako obsesioek ezinegon handia sortzen dute pertsonarengan, eta konpultsioak edo erritualak burutu behar izaten ditu larritasuna murrizteko. Ondoren, nahasmenduak har ditzakeen forma ezberdinen adibide gisa, bi TOC mota ezezagun aurkeztu zituen. “Maite dituzun pertsonei min emango diezula sinetsi dezakezu TOC mota konkretu batekin, kontrola galdu eta familia hilko duzula, adibidez; heriotza edo hilketa moduko hitzak etengabe etortzen zaizkizulako burura”, adierazi zuen Lafuentek. Egoera horren aurrean, pertsonak labanak eta antzeko objektuak saihestu ditzake maite duen pertsona ez erasotzearren.
TOC superstizioso-magikoa dutenek, aldiz, erritual konplexuak burutzen dituzte aldiro maite dituzten pertsonak istripuez, heriotzaz eta mota guztietako arriskuez babesteko. Izan ere, hauek galtzearen beldur dira eta “heriotza, gaixotasuna edo deabrua bezalako hitzak eta pentsamenduak dituzte buruan bueltaka etengabe”, azaldu zuen hizlariak. Nahasmendu obsesibo-konpultsiboaren aurrean, hitz egitean soilik oinarritutako terapia baliagarria ez dela argi utzi zuen Lafuentek, eta terapia kognitibo-konduktualaren alde agertu zen. Tratamendu mota horrekin, nahasmendua duen pertsonari bere beldurrak aurrez aurre jartzen zaizkio, eta terapeutaren lana da izuak eragiten dituen erritualak aldatzen eta murrizten saiatzea, pentsamendu obsesiboa pixkanaka gutxitzen joan dadin.
Bukatzeko, TOCa erabat senda daitekeela defendatu zuen psikologoak, eta nahasmendua dutenak laguntza bilatzera eta terapia mota hau probatzera animatu zituen.
