Anaiari buru osasuneko arazoa diagnostikatu ziotenean, kolpe handia jaso zuen familiak. Ez zekiten nola kudeatu egoera, baina egunkarian irakurritako elkarrizketa bati esker, Mario Oyarbidek Agifes ezagutu eta senideentzako laguntza talde batean parte hartzea erabaki zuen; “kalean ez dizute gaixotasun mentalei aurre egiten erakusten; hori Agifesen ikasi dut”, azaltzen du. Anai-arrebei zuzendutako talde batean dago, non partehartzaileek elkarrengandik ikasi eta babesa jasotzen duten, izan ere, Mariok aipatzen duen moduan, “gaixotasuna ez dauka zure senideak bakarrik, guztioi eragiten digu”. Oyarbidek argi dauka senideek errekuperazioan duten garrantzia eta, horregatik, eurek ere zaindu beharra dutela argi utzi nahi izan du: “senitartekoek gaixo dagoen pertsonari lagundu ahal izateko guk ere ondo egon beharra daukagu”.

Mariok bezala, ‘Buru osasunaren zaindariak’ kanpainan parte hartzea erabaki dute Martak eta Julianek, buru osasun arazoak nola kudeatu dituzten azaltzeko. Depresio larriarekin hasi zen Marta, eta Julian ondoan izan du lagun une oro. Orain, Agifeseko laguntza-talde batean dabil Marta, “ikastera nator, baina, aldi berean, nire esperientziatik gainerako pertsonei laguntzera”, baita banakako arretan ere, eta familiarengandik jasotako ezinbesteko laguntza nabarmentzen du “horrelako arazo bat duen pertsonak laguntza behar duelako, ezin delako bakarrik atera”.

Julianek gomendio argi bat eman nahi dio senide batek arazo bat duela nabaritzen duen edonori, “azkar erreakzionatu behar duzu psikologoarengana joateko eta behar duen tratamendua jartzeko”. Martak gurea bezalako elkarteek egiten duten lanaren garrantzia nabarmendu nahi izan du, izan ere, “Agifes bezalako elkarteek bizitzak salbatzen lagun dezakete”.