Agifes amaiera eman dio ‘Askatu zeure burua. Buruko gaixotasunen inguruko mitoak apurtu’ kanpainari, 12 hilabeteren ostean, azken bideo batekin. Protagonistak dira Koldobika Jauregi artista eta Mamen Álvarez Agifeseko erabiltzailea. Eskizofrenia paranoidea dauka Mamenek, baina oso egonkor dago egun eta bizitzaz…
Sentsibilizazio kanpainari amaiera eman diogu Koldobika Jauregi protagonista duen bideo batekin
Agifes amaiera eman dio ‘Askatu zeure burua. Buruko gaixotasunen inguruko mitoak apurtu’ kanpainari, 12 hilabeteren ostean, azken bideo batekin. Protagonistak dira Koldobika Jauregi artista eta Mamen Álvarez Agifeseko erabiltzailea. Eskizofrenia paranoidea dauka Mamenek, baina oso egonkor dago egun eta bizitzaz gozatzen du, bere ahizpa eta bikotea ondoan dituela.
Antzeko egoera bizi dutenei “medikazio hartzea” gomendatzen die, “hori baita garrantzitsuena”, eta ziurtatzen du “pazientziarekin, ametsak bete egiten direla”. Urte askoz sufritu ostean, oso ondo dago gaur egun “medikazioari eta errehabilitazio psikosozialeko zentroari esker”. Bertan ekintza anitz burutzen ditu egunero eta bereziki atsegin du psikohezkuntza tailerra, euren gaixotasunei eta tratamenduei buruz ikasten baitute partaideek.
Bizitza “nahiko gogorra” izan duela onartzen du Mamenek. Bikote anitz eduki ditu eta asko sufritu du beraiekin. Haustura batek bereziki mindu zuen eta gaixotasuna leherrarazten lagundu zuen, hein handi batean. Denbora askoz sentitu zuen bakardadea: “Oso bakarrik nengoen, txikitatik bilatu izan dut arima-laguna”. Urte askoz eta herrialde ugaritan bila aritu ondoren, azkenean topatu zuen, San Juan de Dios ospitalean sartu zenean. Joseba ere buruko gaitzagatik tratamenduan dago eta orain “askoz hobeto dago”. “Asko maite dugu elkar eta maitasunean, bakean eta askatasunean oinarritzen da gure harremana”. Halaber, Mamenen ongizatea ahalbidetu duen faktore garrantzitsuenetako bat bere ahizpa Marik eskainitako laguntza. Berarekin bizi da egun eta bihotzez eskerrak ematen dizkio.
Gizarte arloan, berriz, duela urte batzuk baino askoz ere erosoago sentitzen da. “Nire herrian jendea nigana gehiago hurbiltzen dela nabaritzen dut; gazteek gaixotasunari buruz galdetzen didate, luze mintzatu ohi dugu, eta gehiago onartzen didate”, baieztatzen du.
Bizizaletasun eta energia positibo eredugarriak ditu Mamenek, eta margolaritza atsegin du oso. Akuarelen bitartez bere arimako bikotearen bila bisitatutako lekuak eta bere barneko emozioak islatu ditu. Koldobikak margolan horiek adierazten dute sormena, xehetasunak, koloreak eta argia nabarmentzen ditu, eta harriduraz aitortzen dio: “ezin izango nuke inoiz imajinatu kolore horiekin margotzeko gaitasuna duen pertsona batek atzean hain bizitza zaila izango zuenik”.
Kanpaina arrakastatsua
Agifesen 25. urteurrena dela eta garatutako kanpaina honek lortu dituen emaitza positiboekin oso pozik daude elkartekideak. Famatuekin eta buruko gaixotasuna duten pertsonekin egindako bideoek oihartzun handia izan dute: momentura arte 26.600 bistaratze baino gehiago Youtuben. Eta zifra horri gehitu behar zaizkio zenbait komunikabidek euren webgunetan plazaratutako bideoek erregistratutako bisitak. Agifesek eskertu nahi du prentsaren, irratien, telebisten eta hainbat webguneren kolaborazio ordainezina, bai eta euren baliabide eta instalazioak kanpainaren zerbitzura jarri dituzten entitate eta enpresen laguntza ere. Egindako lanaren, hau da, urtean zehar burututako bideoen, hitzaldien, proiekzioen eta ekitaldian emaitza nabaria da jada, Agifesen bazkide kopuruak gora egin baitu. Horrez gain, hilabeteotan normalean baino pertsona gehiagok jo dute elkartera laguntza bila.
