Buruko gaixotasuna duten pertsonak eta senideak biltzen dituen Gipuzkoako elkarteak (Agifes) ‘Solo’ dokumentalaren inguruko bideoforuma eskainiko du Trintxerpeko Alkateordetzako areto nagusian datorren ostegunean, otsailak 2, 18:30ean. Film hori Gipuzkoako udalerri ugaritan ikusi dute ‘Askatu zeure burua. Buruko gaixotasunen inguruko mitoak apurtu’ sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako proiekzio zikloaren barne. Eskizofreniaren ikuspegi itxaropentsua eskaintzen du Vicente Rubio zuzendari eta protagonista duen dokumental horrek, eta ezohiko arrakasta lortu du Agifesek orain arte eskainitako 12 bideoforum saioetan. Horietan ehunka pertsonak parte hartu dute, buruko gaixotasuna dutenak, senideak eta buruko osasunean interesa dutenak. Trintxerpeko saioa Agifeseko hainbat senidek eta psikologo batek zuzenduko dute. Sarrera doakoa da.

Vicente Rubiok bere historia kontatzen du dokumentalean, eskizofrenian erortzen denetik sendatze prozesuan aurrera egiten duen arte. Bideokamera gainean hartuta, maitasunaren, neskalagun baten, bila joaten da Rubio munduan zehar, eta abentura existentzial batean murgiltzen da.