Agifesek Kazetaritza eta Buru Osasuna 2025 sariak banatu berri ditu. Ekimen honen helburua komunikazio arloko profesionalen lana aintzat hartzea da; hau da, buruko osasun arazoei eta buru nahasmendua duten pertsonei buruzko informazioa arduraz landu, arreta sentsibilizazio sozialean jarri eta estigma ezabatzen laguntzen duten komunikatzaileen lana nabarmentzea.

2025eko edizioan, Teknopolis (ETB1), Cadena SER Euskadi eta El Diario Vasco komunikabideek jaso dituzte sariak, kalitatezko lanak egin baitituzte, testuinguruan kokatutako begirada batetik eta pertsonak kontakizunaren erdigunean jarriz.

Telebista eta ikus-entzunezko edukien kategoria

Telebista eta ikus-entzunezko edukien kategorian, Teknopolis programak jaso du saria, 2025eko martxoaren 1ean ETB 1en emititutako “Gazteen osasun mentala erdigunean” saioagatik.

Erreportaje zabala da, eta gazteen osasun mentaleko arazoen areagotzea aztertzen du; antsietatea, depresioa, elikadura-jokabidearen nahasmenduak edo suizidioa kasu. Programak gazteen eta profil desberdinetako profesionalen testigantzak hartzen ditu, eta ondoez psikikoaren jatorri multifaktoriala eta soziala azpimarratzen du.

Agifesek bereziki aitortu nahi izan du programak hausnarketa soziala sustatzeko egin duen apustua, baita egoera ulertzeko emandako gakoak eta gazteen buru osasunaren konplexutasuna ikusarazteko hartutako ikuspegi zorrotz eta ez-estigmatizatzailea ere.

Irratia eta podcasta

Irratia eta Podcasta kategorian, ‘La jaula de los normales’ saioarentzat izan da saria. Martxoan estreinatu zen, Cadena SER Euskadiren ‘A vivir que son dos días Euskadi’ programaren barruan.

Espazio honen helburua da buru osasunaren inguruko dibulgazioaren berri ematea eta esparru horretan egiten diren ikerketak herritarrei hurbiltzea. Horretarako, hilabete bakoitzeko azken larunbatean, Euskadiko unibertsitate, ikerketa edo osasun arloetako aditu bat gonbidatzen dute.

Agifesek bereziki baloratu du saioak protagonismoa ematea osasun mentaleko arazoak dituzten hiru pertsonari (Argia fundazioko Igone, Javi eta Sara lagunak), eurak arduratzen baitira, programaren zuzendari Aloña Velascorekin batera, elkarrizketak egiteaz eta esatari lanetan aritzeaz. Gainera, nabarmentzekoa da programaren hileroko aldizkakotasuna, agerian uzten baitu Cadena Ser katearen apustu iraunkorra buru osasunari eta diagnostikoa duten pertsonei ikusgarritasuna emateko.

Saio pilotua entzun

 

Prentsa idatzia eta hedabide digitalak

Prentsa idatziaren saria El Diario Vascoko kazetari Ion Martínez Tausentzat izan da, nahasmendu obsesibo-konpultsiboari buruz sinatutako artikuluengatik. 2025eko ekainaren 4an argitaratutako testuak Zuhaitz Gurrutxaga umoristak eta Nekane Azuabarrena psikologoak eskainitako hitzaldi baten harira sortu ziren.

Bi erreportaje zabal dira, egunkarian ikusgarritasun handia izan zutenak, eta aipagarria da lanaren kalitatea, pertsona erdigunean jartzen duelako, lengoaia arduratsua erabiltzen duelako eta arreta laguntza- eta errekuperazio-prozesuetan jartzen duelako, sufrimendua dramatizatu edo hutsaldu gabe.

Artikuluak irakurri:

«Tuve que dejar mi trabajo de ingeniero por el TOC»
«Zuhaitz Gurrutxaga: Se puede aprender a vivir con TOC y recuperar el control»

__

Sari-banaketaren harira, Agifesek komunikabideen lana eskertu nahi du, buru osasunarekin lotutako informazioa gero eta kontu eta ardura handiagoz jorratzen dutelako. Era berean, osasun mentaleko arazoak naturalizatzen eta estigma soziala murrizten laguntzeko betetzen duten funtsezko zeregina azpimarratu du Gipuzkoako elkarteak.