Tolosako Kultur Etxeak hartu zuen azaroaren 12an 2008ko sentsibilizazio kanpainako azken hitzaldia, non Aurora Elosegui eta Rosalia Sanchez izan ziren protagonistak. Elosegui epailea da Donostiako 1º Instantziako 6. zenbakiko Epaitegian, gaixoen barneratze eta ezintasunetan espezializatutako bakarra; eta Rosalía Sanchez, berriz, Agifeseko kidea eta buru-eritasuna duen pertsona baten familiarra.

Aurora Elosegui izan zen bere esperientzia azaltzen lehena eta familiakoek beren senitarteko baten tratamenduaz, barneratzeaz eta jarraipenak arduratu behar dutenean eska ditzaketen laguntza legalak ezagutarazi zituen. Magistratuak instituzioen arteko koordinazio falta azpimarratu zuen, bai eta gaixotasun mentala duten pertsonez arduratzen den epaitegi gehiago izateko beharra ere.

Honen inguruan, bereziki aipatu zuen osasunarekin zerikusia duen edozein erabakik gaixoaren baimen informatua behar duela, hau bere kabuz erabakitzeko gai ez denean izan ezik. Eloseguik azaldu zuen honelako kasuetan autoritate judiziala dela erabaki hori hartu dezakeen bakarra, eta horrelako egoera baten aurrean dauden prozesuak eta pausoak esplikatzeari ekin zion. Era berean, tratamendu psikiatrikoaren inguruan dagoen debatea ere landu zuen, eta tratamendu anbulatorioaren ezaugarriak aurkeztu zituen. Tratamendu honek eztabaida eta debate ugari sortu ditu, barneratzearen ordezkaritzat hartzen baita kasu askotan eta honela gaixoak bere anbulatorioan jasotzen du tratamendua eta jarraipena, ingresatu beharrik gabe.

Rosalia Sánchezen testigantzak eman zion amaiera hitzaldiari eta baita sentsibilizazio kanpainari ere. Buru-eritasuna duen familiar eta zaindari bezala duen esperientziaz mintzatu zen Sánchez, bertaratuei ikuspegi gertukoa, pertsonala eta gizakoia eskainiz.