Azken bi urteetan Donostian eta Eibarren eskaini den Zinema eta Buru Osasuna zineforum ziklo arrakastatsuen ostean, Agifesek ekimen berria antolatu du Zarautzen. Egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoak dituzten pertsonekiko enpatia eta gizarte-babesa sustatzea. Zineforumaren lau saioak maiatzaren 9an,…
Zarautzen antolatu du Agifesek Zinema eta Buru Osasuna zineforum ziklo berria
Azken bi urteetan Donostian eta Eibarren eskaini den Zinema eta Buru Osasuna zineforum ziklo arrakastatsuen ostean, Agifesek ekimen berria antolatu du Zarautzen. Egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoak dituzten pertsonekiko enpatia eta gizarte-babesa sustatzea. Zineforumaren lau saioak maiatzaren 9an, 16an, 23an eta 30ean izango dira, Zarauzko Modelo zineman, 19.00etan, eta sarrera doakoa izango da eserlekuak agortu arte.
Maiatzaren 9an emango zaio hasiera zikloari fobia soziala eta beste nahasmendu batzuk lantzen dituen ‘Elling’ pelikula norvegiarrarekin. Hurrengo saioan, 16an, psikosia zuen Beach Boys taldeko buru Brian Wilsonen bizitzan oinarritutako ‘Love & Mercy’ proiektatuko da. Maiatzaren 23an David O. Russell zuzendariaren ‘El lado bueno de las cosas’ komedia dramatikoaren txanda iritsiko da, Oscar sarietarako zortzi nominazio jaso zituen filma eta bi buru nahasmendu azaltzen dituena: bipolarra eta obsesibo-konpultsiboa. Zikloa ‘Shine’ film australiarrak itxiko du maiatzaren 30ean, eskizofrenia izan zuen David Helfgott pianista eta haur prodijioaren bizitzan oinarritutako istorioak, hain zuzen.
Ikusleak, pelikularen ondoren, psikologo batek edo Agifeseko sentsibilizazio batzordeko kideek gidatutako solasaldian parte hartzeko aukera izango du, filmaren mezuan sakontzeko.
