Helburua gazteei tresnak ematea da, beren emozioak ulertu, kudeatu eta laguntza eskatzeko gai izan daitezen. Irakasle eta gurasoek ere parte hartzen dute, prebentzioa guztion ardura baita.
Zeuk Aukeratu: hezkuntzatik gazteen buru osasuna zaintzen
Gero eta gehiago entzuten dugu nerabe eta gazteen artean antsietatea, estresa eta ondoez emozionala areagotzen ari direla. Gainera, osasun mentaleko arazoak adin horietan agertu ohi dira maiz, eta jarrera autolitikoak gero eta adin txikiagoetan hautematen ari dira.
Hain zuzen, ikasgeletan sortzen ari diren kezkei eta zalantzei erantzuteko helburua du Zeuk Aukeratu programak. Hezkuntza-komunitatean buru osasuna zaintzeko prebentzio eta esku-hartze ekimena da, eta helburu du gazteei tresnak ematea, beren emozioak ulertu, kudeatu eta laguntza eskatzeko gai izan daitezen.
Programak hiru ardatz nagusi ditu:
- Prebentzio saioak: adinaren arabera egokitzen dira. Ane Igarreta psikologoaren esanetan, tailer horietan “emozioak identifikatzen, ulertzen eta kudeatzen laguntzen diegu, buruko osasun arazo arruntenen berri ematen diegu eta suzidioaren prebentzioa lan-tzen dugu”.
- Orientazio saioak: Lehen saioetan jasotako kezka eta galdera anonimoetatik abiatuta, sare sozialen eragina, kontsumoak edo klasekideen artean nola lagundu bezalako gaiak lantzen dira. Horrela, ikasgelak benetako elkarrizketarako espazio bihurtzen dira.
- Banakako esku-hartzeak: ikasleek psikologoarekin hitz egiteko eta ondoeza kudeatzeko konfiantzazko espazioa dute.
Gazteek jasaten duten presioa
Ane Igarretak azpimarratzen du gaur egungo erronketako bat gazteek jasaten duten presioa dela: batik bat, sare sozialetatik datorrena. “Lehen ingurukoekin konparatzen ginen; orain, mundu osoarekin”, dio. Horrek autoestimuan eta ongizate emozionalean eragin zuzena du. Horregatik, programak komunitate osoari begiratzen dio eta irakasleen alian-tza bilatzen du. Haiei detekzio goiztiarrerako tresnak eskain-tzen zaizkie, eta gurasoek ere seme-alaben berezko lengoaia eta kezkak ulertzeko gakoak ikasten dituzte.
Ikastetxe eta Lanbide Heziketako zentroetara gerturatzeaz gain, unibertsitateetan ere izan gara aurten, EHUko hiru kanpusetako Psikologiako ikasleekin, hain zuzen ere.
Adi egoteko alarma seinaleak
- Jokabidean aldaketa nabarmenak
- Janariarekiko portaera-aldaketak (gutxiago edo gehiago jatea)
- Errendimendu akademikoaren jaitsiera
- Isolamendu soziala
- Emozioak “itzaltzeko” joera (adibidez, mugikorrarekin errealitateaz deskonektatuz)
- Autolesioak
- Gehiegizko beldur edo kezkak
- Buruko edo sabeleko min errepikakorra
- Drogen kontsumoa
- Loaldian aldaketa esanguratsuak
- Tristura etengabea
- Bat-bateko negar edo suminkortasun agerraldiak
Zeuk Aukeratu zifratan
35
Programa martxan jarri genuenetik bisitatu dugun ikastetxe kopurua.
3528
Sentsibilizazio ekintzetan parte hartu duten ikasleen kopurua.
