Azaroaren 14an, astelehena, Agifesek antolatutako Zinema eta Buru Osasuna Zineforum Zikloaren bigarren filma proiektatuko da Donostian, 19:30ean Príncipe zineman. Johnny Depp eta Mary Stuart Masterson aktoreak protagonista dituen ‘Benny & Joon (El amor de los inocentes)’ pelikula estatubatuarrarren inguruko saio horretan, buru nahasmendua duten pertsonen familia eta maitasun harremanei buruz gogoeta egiteko aukera izango dute bertaratuek. Joonek, buru osasun arazoak dituen artistak, bere anaiaren gehiegizko babesari aurre egin beharko dio Benny xelebreaz maitemintzen denean. Proiekzioaren ondoren, Carmen Clemente psikologoak gidatutako solasaldian parte hartzeko aukera izango du ikusleak, filmaren mezuan sakondu eta zalantzak argitu ahal izateko.  

 

‘Mintzatuz osatu’ sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoak dituzten pertsonekiko enpatia eta gizarte-babesa sustatzea. Azaroaren 7an hasi zen zineforum zikloak beste bi saio izango ditu hilaren 21ean eta 28an, Donostiako Príncipe zineman, 19.30ean. Sarrera doan da, baina gonbidapenak aldez aurretik jaso beharko dira zinemako leihatilan bertan edo Agifesek Donostian duen egoitzan.

 

David O. Russell zuzendariaren ‘El lado bueno de las cosas’  komedia dramatikoak, Oscars sarietarako zortzi nominazio jaso zituenak, eman zion hasiera ekimenari. Lehen saioan bi buru nahasmendu aztertu ziren: bipolarra eta obsesibo-konpultsiboa. Hilaren 14ko proiekzioaren ondoren, azaroaren 21ean ‘Con amor, Liza’ komedia dramatikoa eskainiko da, eta 28an ‘Love & Mercy’ Beach Boys musika taldeko liderraren biografiak itxiko du zineforum zikloa.