Azaroaren 21ean, astelehena, Agifesek antolatutako Zinema eta Buru Osasuna Zineforum Zikloaren hirugarren filma proiektatuko da Donostian, 19:30ean Príncipe zineman. Philip Seymour Hoffman eta Kathy Bates aktoreak protagonista dituen ‘Con amor, Liza’ pelikula estatubatuarrarren inguruko saio horretan, emaztearen suizidioaren eraginez pertsonaia nagusiak pairatzen duen depresio larriaren inguruan gogoeta egiteko aukera izango dute bertaratuek. Filmak Wilsonen dolu prozesu zaila jarraituko du. Emaztearen heriotzak lur-jota utziko du Wilson, eta drogetan eta aeromodelismoan bakarrik aurkituko du kontsolamendua. Proiekzioaren ondoren, Carmen Clemente psikologoak gidatutako solasaldian parte hartzeko aukera izango du ikusleak, filmaren mezuan sakondu eta zalantzak argitu ahal izateko.  

 

‘Mintzatuz osatu’ sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoak dituzten pertsonekiko enpatia eta gizarte-babesa sustatzea. Azaroaren 7an hasi zen zineforum zikloak azken saioa izango du hilaren 28an, Donostiako Príncipe zineman, 19.30ean. Sarrera doan da, baina gonbidapenak aldez aurretik jaso beharko dira zinemako leihatilan bertan edo Agifesek Donostian duen egoitzan.

 

David O. Russell zuzendariaren ‘El lado bueno de las cosas‘  komedia dramatikoak, Oscars sarietarako zortzi nominazio jaso zituenak, eman zion hasiera ekimenari. Lehen saioan bi buru nahasmendu aztertu ziren: bipolarra eta obsesibo-konpultsiboa. Ondoren, buru gaixotasuna duten pertsonen familia eta maitasun harremanak izan ziren aztergai, azaroaren 14an, ‘Benny & Joon (El amor de los inocentes)’ pelikulari esker. Hilaren 21eko proiekzioaren ondoren, azaroaren 28an, ‘Love & Mercy’ pelikulak, Beach Boys musika-taldeko liderraren biografiak, itxiko du zineforum zikloa.