Agifesek Zinema eta Buru Osasuna zineforum saioa eskainiko du datorren otsailaren 27an, 18:30ean, Andoaingo Bastero kulturgunean. Filma ‘Inocencia interrumpida’ izango da, Susanna Kaysen idazle estatubatuarraren memorietan oinarritutako drama, mugako nortasunaren nahasmenduarekin diagnostikatu ondoren bizitako esperientzien ingurukoa. Pelikulak 1960ko hamarkadan ospitale psikiatriko bateko paziente gisa izandako bizipenak kontatzen ditu. Angelina Joliek emakumezko aktore onenaren Oscar saria irabazi zuen 2000. urtean film honi esker.

Emanaldirako sarrera doakoa izango da, eta ikusleek filmaz eta proiekzioaren ondorengo solasaldiaz gozatu ahal izango dute, pelikularen mezuan sakontzeko euren bizipenak partekatuko dituzten bi gazteren eskutik.

Agifesen zinema-ziklo ezagunak formatu ibiltaria hartu du aurten. Saio bakarrak eskaintzen ari da elkartea hainbat udalerritan, jende gehiagorengana iritsi ahal izateko Gipuzkoan barrena. Iaz, Tolosan, Beasainen, Donostian, Azpeitian eta Elgoibarren gauzatu ziren saioak.

Egitasmoaren helburua da buru osasuneko arazoen ezagutza zabaltzea, baita buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea sustatzea ere.

agifes zinema eta buru osasuna