Zuhaitz Gurrutxaga futbolari ohi eta umoristak osasun mentalari buruz hitz egingo du Mikel Sarmiento gaztearekin batera martxoaren 12an, 18:00etan, Reale Arenako auditorioan. Euren bizipen pertsonalak partekatuko dituzte eta Nekane Azuabarrena psikologoa izango dute ondoan, baita Cristina Tapia kazetaria ere, zeinak moderatzaile lanak egingo dituen. Sarrera librea izango da herritar guztientzat, eserlekuak bete arte.

Zuhaitzen eta Mikelen arteko solasaldiaren helburua taburik gabeko komunikazioa bultzatzea izango da, estigmari aurre egin eta buruko osasun arazoak naturalizatzeko helburuarekin. Gurrutxaga erreferente bihurtu da osasun mentalaren arloan, Futbolistok bakarrizketari eta berriki argitaratu duen Subcampeón liburuari esker. Azken horrekin, hain zuzen, oihartzun handia lortu du Estatu mailan. Bi lanetan umorea baliatzen du gaztaroan diagnostikatu zioten nahasmendu obsesibo-konpultsiboaren ondorioz bizi izan dituen zailtasunak azaltzeko.

Mikel Sarmientok, berriz, urteak daramatza depresioarekin. 24 urteko gaztea Agifeseko erabiltzailea da, eta aurpegia ematea erabaki du osasun mentaleko arazoak ikusarazteko eta sufritzen ari diren beste pertsona batzuei laguntzeko. Horretarako, hainbat topaketatan parte hartzen eta Gipuzkoako elkartearen Zinema eta Buru Osasuna zikloaren saioak moderatzen ari da.