Ixiar Iraola es usuaria de Agifes desde hace siete años, y en la actualidad se dedica al cultivo de brotes en Karabeleko. Nos habla sobre su experiencia y sobre las labores que realiza en la finca agroecológica.
“Hobetzeko, garrantzitsua da nahi dugunagatik borrokatzea eta pazientzia izatea”
Ixiar Iraola duela zazpi urtetik da Agifesen erabiltzaile, eta gaur egun Karabeleko kimuak landatzen dihardu. Bere esperientziaz eta nekazaritza ekologikoan egiten dituen lanez hitz egin digu.
Zenbat denbora daramazu Karabelekon?
Agifesekin izan nuen lehen harremana duela zazpi urte inguru Aisia eta Denbora Librean (OTL) izena eman nuenean. Geroago, Karabeleko programan sartu nintzen nire prozesu terapeutikoarekin jarraitzeko. Gainera, hemen behin baino gehiagotan izan dut langile-taldean parte hartzeko aukera, lan-karga handieneko uneetan laguntza emateko. Hain zuzen ere, martxotik sei hilabeteko kontratua daukat lanaldi erdian.
Zer egiten duzu?
Ereiten aritzen naiz, kimuak lantzearen arduraduna ere banaiz. Lehenago, laugarren gamako hosto jangarriko landareen ekoizpenarekin lotutako lanetan parte hartzen aritu nintzen, eta Karabudunetik ikusi zuten gai nintzela; horregatik, kimuen esparruan prestatzea erabaki zuten. Karabudunen sartu aurretik ere banuen esperientzia baratzean, eta, egia esan, asko gustatzen zait.
Nolako da zure lankideekin harremana?
Oso ondo konpontzen gara. Denbora gehiena ereiten ari naiz, nire lana delako, baina batzuetan jendea etortzen da laguntzera eta ondo pasatzen dugu.
Zer ematen dizu hemen lan egiteak maila pertsonalean?
Lan egiteak on egin dit beti, ondo egin dezakedala ikusteak. Eta horrek gustura sentiarazten nau. Horrelako jarduerekin ez dut aspertzeko astirik; ez naute nekatzen. Gogoan dut duela 20 urte medikamentuak hartzen hasi nintzela eta ezin nintzela ohetik jaiki ere egin. Beraz, hemen sartzeak asko esan nahi du niretzat; hainbeste, non medikazio kopurua jaitsi ahal izan dudan. Hasieran astean bizpahiru egunetan etortzen nintzen eta orain bost lanegunetan lan egiten dut.
Urte hauetan zeure buruari buruz ikasitako zerbait azpimarratuko zenuke?
Borroka egin behar dela eta pazientzia handia izan behar dela hobetu ahal izateko. Orain babes handia dut. Nire gurasoak aldatu egin dira; hobeto ulertzen naute, eta oso gustura nago haiekin. Eta horrek izugarri egonkortu nau. Anaiaren eta emaztearen babesa ere badut. Hain gauza politean lan egiten duzula eta jendeak baloratzen duela ikustea ederra da. Orain libreago sentitzen naiz.
Agifesen beste programa batean parte hartzen duzu?
OTLn ere banago, Loiolako egoitzan, Donostian. Arratsaldero joaten naiz eta oso ongi etortzen zaidan.
Zure denbora librean hobbyrik baduzu?
Balkoira irtetea gustatzen zait jendea pasatzen ikustera, parean dudan mendiaren, Adarraren, ikuspegiaz gozatzera eta lasai egotera. Orain, udazkenean, igerilekura joateko ohitura ere hartu nahi dut, oso ondo datorkit eta. Sortzen ari diren gauzetan parte hartzea ere gustatzen zait, adibidez, TALDE-K, Agifeseko hainbat kideren artean sortu dugun taldea da, herri lasterketetan boluntario gisa parte hartzeko. Gertatzen dena da COVID-19ak dena gelditu digula, beraz, kirol probei berriro ekin arte itxaron beharko dugu taldea suspertzeko.