Protagonistak

Geure gizarteari ukitu berezia ematen dioten pertsona arrunt bezain berdingabe horiei omenaldia egin nahi diegu.

Buruko osasun arazoak dituzten milaka pertsona daude Gipuzkoan, eta askok esfortzu handia egin behar dute bizitza sozialaren eta lan munduaren barne egoteko. Inguruko pertsonen konfiantza eta babesa beharrezkoa da, baita gizarte osoarena ere, euren bizi-kalitatea eta buru osasuna hobetze aldera.

Horregatik, Agifesetik eskerrak eman nahi dizkiegu bizikidetzari ukitu berezia ematen dioten pertsona berdingabe horiei guztiei; bereziki, buru gaixotasuna dugunoi bidea samurtzen digutenei.

Keinu txikiekin gure kolektiboaren errekuperazioa, gizarteratzea eta laneratzea bultzatzen dutenei, eskerrik asko!

Ondoren, gure kanpainaren protagonistak aurkezten dizkizuegu:

Ane, Tomasen auzoko kafetegiaren arduraduna

Kanpoan euria, trumoia edo kazkabarra egiten badu ere, Aneren kafetegia beti da eguzkitsua. Alaitasun ezohikoa du; egiazko baikortasuna, toles gutxikoa. Izaera horri esker, gertutasun berezia du egunero bisitan etortzen zaizkion dozenaka bizilagunekin. Zehatz mehatz ezagutzen du auzotarren zuhaitz genealogikoa, eta behin baino gehiagotan terapeuta informal moduan aritzen da bezero irekienekin.

Ohiko bisitaria da Tomas, nahasmendu obsesibo-konpultsiboa duen aitona. Urte luzez bakardadean sufritu ostean, txoko atsegina topatu du etxetik gertu, eta seguru eta gustura sentitzen da bertan.

Julen, Auroraren medikua

30 urte baino gehiagoz nahasmendu bipolarrarekin bizitzen ikasi duen Auroraren familia-medikua da Julen. Kontsulta bakoitzetik kondaira mitologiko berri baten jakitun ateratzen da Aurora, bere medikuak paziente guztiekin partekatzen baitu garai klasikoak esnarazten dion pasioa. Jainko eta erdijainko grekoerromatarren pasadizo, pasio eta bekatuak xehetasun handiz ezagutzen ditu Julenek. Arketipo horien pertsonalitatea gizakion psikean islatzen dela dio. Arrazoia ez zaio faltako, ziurrenik, pazienteen izaera eta motibazioak berehala hautematen baititu.

Karmele, Joneren irakaslea

Duela zenbait urte Joneren etikako irakasle izan zen Karmele, eta ezaguna da institutuan Mafaldarekiko duen zaletasun amorratuagatik. Buruz ezagutzen ditu bere txiste guztiak eta pertsonaiaren esaldiak maiz erabiltzen ditu klasean. Mafaldaren humanismoa eta errebeldia islatzen ditu Karmelek, eta eskolako apunteak Quino handiaren komikiekin aurkeztu ohi ditu.

Jone asko sufritzen ari zen institutuan zegoen garaian, eta oraindik diagnostikatu gabe zuen buru nahasmenduaren sintomak gero eta nabariagoak ziren. Karmelek gertutik ezagutzen zuen bere ilobaren kasua eta, beraz, Joneren ondoeza hautemateko eta garaiz esku hartzeko gai izan zen.

Mikel, Andoniren bizilaguna

Amonarengandik oinordetzan jaso zuen etxea lorategi dotore bilakatu du Mikelek. Hainbeste maite ditu loreak orduak eta orduak pasatzen dituela haiekin hizketan, familiarekin baino gehiago. Landareekin duen ukitu berezi horri esker, auzoko balkoi eder eta joriena du. Bere pisukide maiteek izen propioa dute, eta batzuetan abestu egiten die Mikelek, indartsuago hazi daitezen.

Gainera, oso sentibera da buruko osasun arazoak dituzten pertsonekin, berak aspaldian jaso baitzuen nahasmendu bipolarraren diagnostikoa.

Miren, Arantxaren nagusia

Mirenek emakume serio eta zorrotza dirudi askotan. Bere mezularitza enpresan logistika eta garraio epeak oso garrantzitsuak direnez, estres handieneko uneetan autoritate handiz jokatzen du.

Hala ere, arduraz beteriko rol horren atzean, erraza da bere izaera zoroena sumatzea. Izan ere, ostiral lasaienetan berpiztu egiten da bulegoan ACDC jartzen diotenean. Rock eta heavy estiloak oso gogokoak ditu, eta lankideek, aukera ikusten duten bakoitzean, ‘Rock Friday’ abesti-zerrenda erreproduzitzeko aprobetxatzen dute, asteko azken lan orduak girotzeko asmoz.

Mirenen bertuterik handiena, baina, langileekiko duen tratu sentibera eta enpatia dira.

Txema, Asierren laguna

Txemaren bizitza pertsonez, jarduerez eta betebeharrez lepo dago. Denbora gutxi du bere bizitzaren norabideaz hausnartzeko, eta bere buruaz barre egiten du koadrilarekin geratzeko hitzordua urtebete lehenago antolatu behar duela esanez. Baina, egia esan, hamabostean behin gutxienez, errutina frenetiko horretatik ihes egiten du betiko lagunen batekin kafea hartzeko; Asierrekin bereziki, duela urte batzuk eskizofreniaren diagnostikoa jaso zuen lagunarekin.

Phone
Email
Phone
Email