Leku guztietan daude. Beti beren postuetan, senide eta gertukoei babesa ematen.
Guztiok dugu buru osasuna mantentzen laguntzen digun norbait inguruan. Ezagutzen gaituen bidelagun bat, modu sotil edo nabarmenean laguntzen diguna. Gure ongizatearen alde egiten duen pertsona, aholkatzen gaituena eta beti hor dagoena, momentu zailenetan babesa emateko prest.
Esker ona adierazi nahi diegu buru osasunaren zaindari horiei guztiek, eta, batik bat, egunerokotasunean buru osasuneko arazoak dituztenen ondoan daudenei, euren senide edo lagunaren bizi-kalitatea hobetzeko egiten duten ahaleginagatik.
Eskerrik asko ingurukoak zaintzeagatik, gainerakoen beharretara adi egoteagatik.
Senide eta gertukoen papera azpimarratu nahi du ‘Buru osasunaren zaindariak kanpainak’. Zalantzarik gabe, gizarte-, osasun- eta erakunde-esparruetatik eskaintzen ditugun buru osasuneko programak eta zerbitzuak oinarrizkoak dira, baina ez dugu ahaztu behar osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei egunero laguntzen dietenen zeregina. Hain zuzen, hurbileneko senideak dira buru nahasmendua duten pertsonen errekuperazio prozesuaren zutabe nagusietarikoa. Hori dela eta, familien rola azpimarratzeaz gain, haien zaintza eta ongizatea hobetzeko baliabide eta programa gehiago eskaintzearen alde lanean jarraitu behar dugu.
Zaintzailearen rola ez da inoiz erraza izan, baina egungo bizi-erritmoak are gehiago zailtzen du zeregina, eta horrek estres-, tentsio- eta antsietate-egoerak eragiten ditu, batez ere emakumeen kasuan, zainketaren ardura beraiei egokitzen zaielako neurri handiagoan.
Rosalía, Ramón eta Gurutze dira kanpainaren lehen protagonistak. “Kapa berdearekin ageri dira, gure iruditeriko superheroiei keinu eginez. Beren superboterea, gure gizarteko pertsona askorena bezala, buru osasuneko arazoa duten senitartekoen euskarri izateko, haiei lagundu eta zaintzeko, gaitasuna da; ez gehiegizko babesetik edo heroitasunetik, baizik eta beren senidearen prozesua ulertu eta errespetatzetik.