Agifesek hitzaldia eskainiko du azaroaren 25ean Hondarribian, nerabeekin eta gazteekin komunikazioa sustatzeko, buru osasuneko arazoak prebenitze aldera. Kultur Etxean izango da topaketa, 18:00etatik aurrera, eta Nekane Azuabarrena psikologoak gidatuko du, Agifeseko ‘Zeuk Aukeratu’ programaren arduradunak. Proiektu horren helburua hezkuntza-komunitatea osasun mentalari buruz sentsibilizatzea eta informatzea da, baita gazteei eta haien familiei arazo psikikoen kudeaketan eta errekuperazio-prozesuan laguntzea ere.

Hondarribiko saioan, Gipuzkoako elkarteko psikologoak hainbat jarraibide eskainiko dizkie bertaratutako gurasoei, familia-komunikazioa hobetzeko eta, hala, seme-alabei beren sufrimendu psikikoa azaleratzen eta ager daitezkeen osasun mentaleko arazoak bideratzen laguntzeko.

Buru osasuna nerabezaroan: zifrak

Buru nahasmenduak, batez ere, nerabezaroan sortzen dira, eta gero eta adin txikiagoko haurren artean hautematen ari dira. Hori dela eta, Agifesek uste du funtsezkoa dela gazteenei arreta handiagoa eskaintzea. Hain zuzen ere, osasun mentaleko arazoen % 50 15 urte bete aurretik agertzen dira, eta % 75 18 urte bete aurretik. Gainera, aipagarria da munduko zazpi nerabetik batek buru osasuneko arazoren bat duela, eta Espainian, 10-17 urte bitarteko adingabeen artean, suizidioa dela bigarren heriotza-kausa.

Zeuk Aukeratu

Haur eta gazteen arreta-eskaeraren aurrean, Zeuk Aukeratu programa abiarazi zuen Agifesek duela hiru urte. Ekimen horren helburua, alde batetik, sentsibilizatzea da hainbat tailer eta hitzaldiren bidez, ikastetxeetako langile, guraso zein ikasleei eta baita gizarteari ere, adingabeen eta gazteen osasun mentaleko arazoak prebenitu eta bideratzeko.

Bestalde, buru osasuneko arazoak dituzten adingabe eta gazteei laguntzen zaie “bizi-proiektu itxaropentsu bat diseinatzen, haien beharrak eta motibazioak kontuan hartuta”, Nekane Azuabarrena Agifeseko psikologoaren hitzetan.

Prozesu horretan parte hartzen duten gazteek eta haien senideek laguntza psikologiko eta emozionala jasotzen dute, astean behin edota hamabostean behin gauzatzen diren banakako eta taldeko laguntza-saioen bidez. Gazteentzako eta familientzako gai espezifikoei buruzko tailerrak ere antolatzen dira. Era berean, proiektuan parte hartzen dutenek aisialdi-, kirol-, prestakuntza- eta lan-jardueretan parte hartzeko laguntza jasotzen dute, beren nahi eta interesekin bat datorren bizitza-proiektu bat garatu ahal izateko.

jóvenes y salud mental agifes, charla en hondarribia