Agifesek 2024ko ‘Kazetaritza eta Buru Osasuna Sariak‘ banatu ditu. Ekimen honen helburua komunikazio arloko profesionalen lana aintzat hartzea da; hau da, buru osasuneko arazoei eta buru nahasmendua duten pertsonei buruzko informazioa arduraz landu, arreta sentsibilizazio sozialean jarri eta estigma ezabatzen laguntzen duten kazetarien lana nabarmentzea.

Agifeseko presidente Vicente Areta arduratu da kazetarien lantokietara hurbildu eta sariak banatzeaz.

Telebista kategoria

Telebista kategorian, ETB1eko Biba Zuek! saioak jaso du saria, martxoaren 27an Mikel Sarmientori egindako elkarrizketa sakonagatik. Saioak 20 minutu inguru eskaini zizkion Mikeli bere bizipenak eta ikaskuntzak partekatzeko ETBko platoan.

Horregatik, Agifesek euskal telebista publikoaren apustua azpimarratu nahi izan du, bere programarik ikusienetako batean osasun mentalaz sakonki eta arduraz hitz egiteko espazioa sortzeagatik. Izan ere, horrelako saioak oso lagungarriak dira buru nahasmenduak ikusarazteko eta gaiari naturaltasuna emateko (Ikusi elkarrizketa).

Irrati kategoria

Irratiaren kategorian, saria Euskadi Irratiko Baipasarentzat da, martxoaren 21eko programan gazteen osasun mentalari eskainitako tarte zabalagatik eta kolektiboari ahotsa emateagatik. Mikel Yarza kazetaria Agifesek Bentaberrin (Donostia) duen zentrora gerturatu zen eta bi psikologo eta Erika gaztea elkarrizketatu zituen, gazteei zuzendutako Zeuk Aukeratu ekimenaren inguruan (Elkarrizketa entzun).

Prentsa idatzia

Prentsa idatziaren saria Noticias de Gipuzkoa egunkariko kazetari Harri Fernándezentzat izan da, martxoaren 17an argitaratutako erreportaje bategatik. Artikuluko protagonistak Zuhaitz Gurrutxaga umorista eta Realeko futbolari ohia eta Mikel Sarmiento Agifeseko kidea dira. Nahasmendu obsesibo-konpultsiboa du lehenak eta depresioa bigarrenak.

Narrazioaren kalitateagatik, sentsibilitateagatik eta protagonisten esperientziak transmititzeko gaitasunagatik nabarmendu dugu artikulua. Irakurketa atsegin eta entretenigarriari esker, buru osasuneko arazoak ikusarazten eta naturalizatzen laguntzen du Harri Fernandezek, aurreiritziak gaindituz.

Sari hauen harira, Agifesek euskal komunikabideen lana eskertu nahi du, gero eta kontu handiagoz heltzen baitiote buru osasunarekin loturiko informazioari. Era berean, Gipuzkoako elkarteak nabarmendu du hedabideek gaitasun handia dutela osasun mentaleko arazoak naturaltasunez aurkezteko eta buru nahasmenduak dituzten pertsonak gizarteratzen laguntzeko.

Ildo horretan, Kazetaritza eta Buru Osasuna Sariek jarraipena izango dute 2025ean, komunikazioaren arloko profesionalak kontzientziatzeko eta ondo egindako lanak aintzat hartzeko.