Erakundeetako ordezkariek, profesionalek, senideek eta esperientzia propioa duten pertsonek erabakiak aurretiaz hartzeko eta laguntza-sare koordinatuagoak eraikitzeko beharra aztertu dute, pertsona bakoitzak bere behar eta lehentasunen araberako bizi-proiektua garatu ahal izan dezan.
Agifesek 40 urte bete ditu etorkizunera begira, eta Gipuzkoako buru osasunaren arloko baliabideen lehen gida eta Etorkide programa aurkeztu ditu
Buru osasuneko krisiei aurrea hartzea, pertsona bakoitzak nola bizi nahi duen mahai gainean jartzea eta bere bizi-proiektua garatzeko beharko dituen laguntzak eraikitzea izan ziren atzo Agifesek Donostian egindako jardunaldiaren ardatzak. Elkartearen 40. urteurrenaren harira antolatutako topaketan, buruko osasun arazoak dituzten pertsonek eta haien familiek aurrez aurre duten erronka nagusietako batean jarri zen arreta: etorkizuna nola planifikatu, pertsona bakoitzak bere bizi-proiektuari eutsi ahal izateko, baita familia-sareak behar adina laguntza eman ezin duenean.
Udaletxean egindako ‘Buru osasuna eta etorkizuna: autonomia, laguntzak eta plangintza’ ekitaldian, Agifesek erronka horri erantzuteko bi ekimen berri aurkeztu zituen: Gipuzkoan eskuragarri dauden buru osasunaren arloko baliabide nagusiak biltzen dituen lehen gida eta Etorkide, pertsonei eta haien familiei etorkizuna planifikatzen laguntzeko programa. Hala, elkarteak etorkizunera begira ospatu nahi izan ditu bere 40 urteak, urtemuga aurrera egiten jarraitzeko aukera bihurtuz. Horretarako, hain zuzen, pertsonek eta familiek adierazitako behar zehatzetatik sortutako bi tresna aurkeztu zituen.
40 urte beharrei entzuten eta erantzuten
Agifeseko presidenteorde Agustín Eizagirrek elkartearen sorrera ekarri zuen gogora: Gipuzkoako familia talde txiki batek antolatzea erabaki zuen, arreta eta baliabide falta handiari aurre egiteko, baita buruko osasun arazoen inguruko estigmari eta isiltasunari ere. “Gaur egun, erantzukizun bera izaten jarraitzen dugu: pertsonen eta familien bizi-kalitatea hobetzeko zer behar duten entzutea, haien eskubideak defendatzea eta oraindik falta diren laguntzak guztion artean sortzea”, adierazi zuen.
Baliabideak ezagutzeko eta eskubideak baliatzeko gida
Jardunaldiko mugarri nagusietako bat ‘Buru osasuna Gipuzkoan’ gidaren aurkezpena izan zen. Dokumentuak buruko osasun arazoak dituzten pertsonentzako eta haien familientzako laguntza, prestazio, zerbitzu eta baliabide nagusiak biltzen ditu. Formatu fisikoan eta digitalean eskuragarri dagoen tresna honen helburua informazio argi eta osoa erraztea da, pertsonek eskura dituzten laguntzak ezagutu, erabaki informatuak hartu eta beren eskubideak baliatu ahal izan ditzaten.
Agifeseko Zuzendaritza Batzordeko kide eta abokatu Esther Ezpondak nabarmendu zuen gida eta Etorkide egunerokoan antzemandako beharretatik sortu direla. Gidari dagokionez, kalitatezko baliabide ugari daudela adierazi zuen, baina sakabanatuta egoteak eta horien inguruko ezagutza faltak zaildu egiten dutela pertsonek eta familiek baliabide horietara jotzea. Era berean, Ezpondak osasun-sistemaren, gizarte-zerbitzuen, erakundeen, elkarteen eta familien arteko koordinazioan aurrera egiteko beharra aldarrikatu zuen, dauden baliabideak hobeto aprobetxatzeko eta erantzun integralagoak eskaintzeko.
Etorkide: aurrea hartu, erabaki ahal izateko
Aurkeztutako bigarren ekimena Etorkide izan zen, buruko osasun arazoak dituzten pertsonei eta haien familiei etorkizuna planifikatzen laguntzeko Agifesen programa berria. Ekimenaren arduradun eta gizarte-langile Verónica Pazosek azaldu zuen familiek duela urte batzuetatik Agifesi helarazten dioten kezka batetik sortu dela Etorkide: zer gertatuko den gaur egun laguntza nagusiak ematen dituzten pertsonak zahartzen direnean, jada ez daudenean edo laguntzen jarraitu ezin dutenean. Programak laguntza profesionala eskaintzen du gai horri heltzeko, denboraz hausnartzeko eta etorkizunari buruzko erabakiak urrats konkretu bihurtzeko.
Prozesuak buruko osasun arazoak dituen pertsonaren nahiak eta lehentasunak jartzen ditu erdigunean. Plangintzaz eta jarraipenaz gain, beharrezko izapideak egiteko eta ingurune komunitarioarekin zein beste erakunde batzuekin sareak eraikitzeko pausoak lantzen ditu. Helburua pertsonaren bizi-proiektuari denboran zehar eutsi ahal izatea da, baita familiak ematen dituen laguntzak aldatzen direnean ere.
Familiak ezin dira sostengu bakarra izan
Eusko Jaurlaritzako Ongizate sailburuorde Iván Larrazak arreta-eredu pertsonalizatuago, komunitarioago eta inklusiboagoetara jotzeko beharra defendatu zuen, pertsona bakoitzaren bizi-proiektua eta lehentasunak egon daitezen jasoko dituen laguntzen oinarrian. Larrazak, halaber, nabarmendu zuen familiak direla askotan laguntzaren zutabe nagusia, baina ezin direla eta ez dutela sostengu bakarra izan behar. Ildo horretan, pertsona bakoitzaren bizi-proiektuari eusteko aukera emango duten sareak eraikitzeko beharra azpimarratu zuen, baita familia-ingurunea zahartzen denean edo eskuragarri egoteari uzten dionean ere.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendekotasunaren eta Desgaitasunaren Arretako zuzendari nagusi Txaro Rodrigoren hitzetan, Agifesek, lau hamarkadaz, buruko osasun arazoak dituzten pertsonen eta haien familien eskubideen eta bizi-kalitatearen defentsan jardun du. “Familien eta hirugarren sektorearen funtsezko zeregina nabarmendu nahi dut, gizarte-politikak ez baitira erakundeetatik bakarrik eraikitzen, baita gertutasunetik, errealitatearen ezagutzatik eta pertsonen ondoan egoteko gaitasunetik ere. Erakundeen, gizarte-entitateen, profesionalen, familien eta komunitatearen arteko elkarlana da Gipuzkoaren indargune handienetako bat, eta horri esker jarraitu ahal izango dugu pertsonen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen”.
Bestalde, Donostiako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi ordezkari María Jesús Idoetak arretaren dimentsio komunitarioan eta autonomia eta inklusioa sustatuko dituzten baldintzak sortzearen garrantzian jarri zuen arreta. Ildo horretan, nabarmendu zuen gida berriak eta Etorkidek buruko osasun arazoak dituzten pertsonei eta haien familiei “segurtasuna, orientazioa eta etorkizunerako aukerak” eskaintzea dutela helburu.
Autonomia, krisiak eta laguntza-sareak
Jardunaldiak mahai-inguru bat ere izan zuen, honako hauekin: Andrea Gabilondo, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendaria; Mikel Merino, Agifeseko elkar-laguntzako agentea; eta Paloma de Casso, senidea eta 2018tik elkarteko senideentzako laguntza-talde bateko parte-hartzailea. Solasaldiak aukera eman zuen etorkizunaren plangintza ikuspegi profesionaletik, esperientzia propiotik eta familiaren ikuspegitik lantzeko.
Gabilondok azaldu zuen buru osasunaren arloko arreta aldatzen ari dela, susperraldi klinikoan eta sintometan nagusiki oinarrituta egotetik errekuperazio pertsonalean sustraitutako eredu batera. Ikuspegi berriaren arabera, gero eta gehiago hartzen dira kontuan pertsonen bizi-proiektua eta beren lan-, gizarte- eta harreman-arloetako nahiak. Hala ere, oraindik hobetzeko tartea dagoela aitortu zuen.
Testuinguru horretan, buru osasunaren alorreko erabakiak aurretiaz planifikatzearen balioa nabarmendu zuen. Tresna horri esker, pertsona egonkor dagoenean, hainbat gai landu daitezke harekin: bere balioak, alarma-seinaleak, gerta litekeen krisi baten aurrean dituen lehentasunak edo nork laguntzea nahi duen. Gabilondok adierazi zuen, hala ere, prozedura hori eskuragarri egon arren, oraindik ez dela Gipuzkoan erabiltzen, eta laguntza-sare koordinatuago baten beharra azpimarratu zuen, pertsonek eta familiek behar dituzten erantzunak aurkitzeko “ate gehiegitara jo” behar izan ez dezaten.
Beste pertsona batzuen ondoan dagoen elkar-laguntzako agente gisa eta buru osasuneko diagnostikoa duen pertsona bezala, Mikel Merinok aldarrikatu zuen pertsonek eguneroko bizitzari lotutako autonomia lortzeko nahia dutela oro har: modu independentean bizi ahal izatea, zentzua ematen dien lan bati eustea eta tratamenduari zein norberaren bizi-proiektuari eragiten dieten erabakietan parte hartzea, ingurukoekiko erantzunkidetasunetik.
Merinok erabakien aurretiazko plangintzaren eta krisiak prebenitzeko planen balioa ere defendatu zuen, egonkortasun-aldietan adosteko krisi baten aurrean pertsonak nola artatua izan nahi duen, baita faktore eragileak identifikatzeko eta alarma-seinaleak antzemateko tresna gisa ere.
Bestalde, Paloma de Cassok familiek izan ditzaketen zailtasunak azaldu zituen artatutako pertsona adin nagusikoa denean eta profesionalekin harremanetan jartzeko baimenik ematen ez duenean. Azaldu zuenez, batzuetan, elkarrekin bizitzeak kontsultan agertzen ez diren egoerak ikusteko aukera ematen dio familiari, baina senideek ez dute beti lortzen informazio hori profesionalei helaraztea, eta horrek ezintasuna, egonezina eta isolamendua eragin ditzake.
De Cassok profesional, denbora eta baliabide gehiago eskatu zituen, baita erantzukizunak partekatzea ahalbidetuko duen sareko lana ere, eta gogorarazi zuen ez familiek ez elkarteek ezin dietela beren kabuz behar guztiei erantzun.







