Agorafobia izango da otsailaren 24an Errenterian egingo den zineforumaren gai nagusia. Agifesek Maider Arrutiren ‘Barruko dardara’ film laburraren proiekzioa eta solasaldia antolatu du. Arruti ikus-entzunezko errealizazioko ikaslea da eta Zeuk Aukeratu programan parte hartzen du, hau da, osasun mentaleko arazoak dituzten gazteei laguntzera bideratutako ekimenean. Ekitaldia Xenpelar aretoan izango da, 18:00etatik aurrera.

Film laburra proiektatu ondoren, hausnarketa egiteko aukera izango da Arrutiren eskutik, berak lehen pertsonan bizi izan baititu buru osasuneko arazoak, agorafobia, antsietatea eta anorexia kasu. “Agorafobiak eragiten duen sufrimenduaren eta errekuperazio prozesuaren ikuspegi errealistagoa erakusteko beharra sentitzen nuen, sare sozialetan kontatzen dena baino zailagoa izan daitekeelako”, adierazi du laburmetraiaren egileak.

Gazteak eta buru osasuna

Agifesen Zeuk Aukeratu programako kide da Arruti. Egitasmoaren helburua nerabeen eta gazteen osasun mentala zaintzea da, prebentzioaren, sentsibilizazioaren eta esku-hartzearen bidez. Programak bi lan-ildo ditu: batetik, prebentzio eta sentsibilizazio saioak egiten dira ikastetxeetan, eta, bestetik, buru osasuneko arazoak dituzten gazteei laguntza ematen zaie bizi-proiektu propio eta itxaropentsua garatu dezaten.

Maider Arruti Agifesen astero biltzen den gazte talde batean dago, non elkarri laguntzen dioten psikologo baten gidaritzapean; eta banakako laguntza ere jasotzen du elkartean.