Agifesek Zinema eta Buru Osasuna zineforum saioa eskainiko du datorren apirilaren 16an, 18:00ean, Arrasateko Kulturate kultur etxean. Filma ‘Inocencia interrumpida’ izango da, Susanna Kaysen idazle estatubatuarraren memorietan oinarritutako drama, mugako nortasunaren nahasmenduarekin diagnostikatu ondoren bizitako esperientzien ingurukoa. Pelikulak 1960ko hamarkadan ospitale psikiatriko bateko paziente gisa izandako bizipenak kontatzen ditu. Angelina Joliek emakumezko aktore onenaren Oscar saria irabazi zuen 2000. urtean film honi esker.

Emanaldirako sarrera doakoa izango da, eta ikusleek pelikulaz eta proiekzioaren ondorengo solasaldiaz gozatu ahal izango dute, filmaren mezuan sakontzeko asmoz. Buru osasuneko arazoen inguruan esperientzia duten bi gaztek gidatuko dute saioa.

Agifesen zinema-ziklo ezagunak formatu ibiltaria hartu zuen iaz. Saio bakarrak eskaintzen ari da elkartea hainbat udalerritan, jende gehiagorengana iritsi ahal izateko Gipuzkoan barrena. Iaz, Tolosan, Beasainen, Donostian, Azpeitian eta Elgoibarren gauzatu ziren saioak, eta aurten Andoainen ere burutu da bat.

Egitasmoaren helburua da buru osasuneko arazoen ezagutza zabaltzea, baita buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea sustatzea ere.

 

zinema eta buru osasuna agifes arrasate