Usurbilgo sendategiko Tomás Burutaran psikiatraren aburuz, geure garuna ez dago prest egungo informazio-erasoari aurre egiteko. Gaur egun daramagun bizitza erritmoaren ondorioz antsietate nahasmendu eta depresio ugari sortzen dira. Horiek ekiditeko geuretzako denbora hartzea gomendatzen du buru osasunean adituak, “kirola egiteko, bakarrik egoteko, idazteko, marrazteko…” edo bestelako zaletasunen bat praktikatzeko.

 

Burutaranek dio denboran luzatzen den sufrimendu dela paziente edo familiak kontsultara joateko arrazoi nagusia. Pertsona baten ahaideak konturatzen direnean senidea denboradi zaila jasaten ari dela eta ohiturak modu deigarrian aldatu dituela, espezialista batengana edo familia-medikura jo daiteke. Adibidez,  “normalean baino urduri eta suminkorrago dagoenean edo loaren zein elikaduraren nahastea sumatzen zaionean”. Izan ere, seinale horien atzean “arazo larriagoa” egon daiteke adituaren esanetan.

 

Psikiatrak baieztatu du “kasu larrienetan ere bizi-kalitate ona lortzea posible” dela. “Borroka egiteko eta aurrera ateratzeko borondateak eta gogoak” erabateko eragina daukate errekuperazioan eta bizitzaren normalizazioan, aitortu du.