Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, Buru Osasuna Euskadik, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eta senitartekoen euskal elkarteak biltzen dituen federazioak, buruko nahasmendua duten emakumeek aurrez aurre topatzen dituzten hesiak eraistearren lan egiteko beharra nabarmendu du.
Buru Osasuna Euskadik emakumeek jasaten dituzten diskriminazioak salatu ditu, eta buru nahasmendua dutenek bereziki pairatzen duten kaltea azpimarratu du
Buru Osasuna Euskadik, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eta senitartekoen euskal elkarteak biltzen dituen federazioak (Agifes, Asafes, Asasam eta Avifes) emakumeek jasaten dituzten diskriminazioak salatu ditu, eta buru nahasmendua dutenek bereziki pairatzen duten kaltea azpimarratu du. Euskal erakundeko presidente María Ángeles Arbaizagoitiak deitoratu du buru-nahasmendua duten emakumeek “askotariko diskriminazioa” jasaten dutela, eta beharrezkotzat jo du “genero-ikuspegi intersekzionala aplikatzea emakume bakoitzak jasaten dituen diskriminazioak aztertzeko”.
Ildo beretik, Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, euskal federazioak buru nahasmendua duten emakumeek sufritzen duten bortxakeriari buruz ohartarazi ditu instituzioak. Izan ere, bikote-harremanean egon direnen % 80k indarkeria matxista jasan du (fisikoa edo/eta psikologikoa), eta % 42k ez du egoera hori indarkeria gisa identifikatu. Beraz, arazo horiek prebenitzeko beharrezko neurriak aldarrikatu ditu, Buru Osasuna Euskadik hainbat ikerketetan adierazi duen bezala.
Emakumeen ahalduntzea
Arbaizagoitiak funtsezko alderdiak aipatu ditu, hala nola emakumeen ahalduntzea sustatzeko beharra, gizarteratzeko eta laneratzeko oinarrizkoak diren esparruetan parte har dezaten laguntzeko; batik bat enpleguan eta formakuntzan, emakumeek parte-hartze murriztua baitute arlo horietan. Era berean, genero-ikuspegia arreta-eremu guztietan txertatzearen alde agertu da federazioko arduraduna: gizarte, osasun, enplegu eta indarkeria alorretan, besteak beste.
Buru osasun perinatala
Euskadiko federazioak, gainera, bat egin du Salud Mental España konfederazioak abiarazitako kanpainarekin (#SaludMentalFeminista). Ekimen horrek emakumeen osasun mental perinatala du ardatz, hau da, kontuan hartzen du beren ongizate psikologiko eta emozionala haurdunaldian, erditzean eta erditze ostean.
Kalkuluen arabera, emakumeen % 14k erditze osteko depresioa du, baina gehienek ez dute diagnostikorik (% 50 eta % 75 artean). Konfederazioak diziplinarteko sare perinatalak eta prebentzio eta arreta espezializatuko baliabideak aldarrikatzen ditu, “gaur egun ez baitago halakorik”.
Conecta Perinatal sarearen txosten batek jasotako datuen arabera, emakumeen % 7k depresioa izaten du haurdunaldian, eta % 11-15 artean, antsietate-nahasmenduak. Erditu ostean, emakumeen % 14k depresioa du eta % 8k antsietatea. Espainiako buru osasunaren konfederazioko zuzendaritza-batzordeko kide Rosa Mª Bayarrik azaldu duenez, “amatasunean ager daitezkeen patologien artean erditze osteko depresioa da ohikoena, baina estigmak eta ondorioekiko beldurrak egoera horiek ezkutatzera bultzatzen dituzte emakumeak. Horrek infradiagnostikoa dakar eta benetan beharrezkoak diren baliabideetan ez inbertitzea, hala nola gurasoen eta haurren arreta psikologikoan bizitzako lehen hiru urteetan”.
Sentsibilizazioa
Kolektibo honen egoeraz kontzientziatzeko, emakumeei informatzeko eta euren jabekuntza bultzatzeko hainbat sentsibilizazio ekintza burutzen ari da Buru Osasuna Euskadi Facebookeko ‘Mujer y Salud Mental – Emakumea eta Buru Osasuna’ eta Instagrameko ‘Mujer y Salud Mental’ orrialdeetan. Horrez gain, www.emakumeaetaburuosasuna.org webgunea dauka, kontzientziazio eta informazio lana indartzeko. Ekintza horiek Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Sailak babesten dituzte.
Bestalde, bai Buru Osasuna Euskadi eta bai bere barne dauden elkarteak buru-belarri ari dira lanean ahalduntzearen alde, emakume taldeak osatuz eta haiei nahiz profesionalei zuzendutako formakuntzak eskainiz. Horrez gain, gizonezkoentzako ikastaroak ere antolatzen dituzte maskulinitate berrien inguruan, eta buru nahasmendua duten emakumeen gizarteratzea sustatzeko ekintzak ere lantzen dituzte.