Agifesek gazteei ematen zaien arretan dauden gabeziak aztertuko ditu urteroko osasun mentaleko jardunaldian. Topaketa urriaren 17an izango da, 18etan Donostiako udaletxean, eta osasun, gizarte eta hezkuntza arloetako zailtasunak eta beharrak aztertzea izango du helburu.

Ekitaldian Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Donostiako Udaleko ordezkariek parte hartuko dute, baita osasun mentaleko profesionalek, diagnostikoa duten pertsonek eta gazte baten senide batek ere.

Datuak

Euskadiko azken datuen arabera (2021 urtekoak), 15 eta 29 urte bitarteko hamar pertsonatik batek dio antsietate edota depresio sintomak dituela. Ideia edo jokabide suizidak eragindako ospitaleratze psikiatrikoen gorakada ere nabari da. 2015etik 2020ra bitartean, 29 urtetik beherako 76 pertsona hil ziren beren buruaz beste egiteagatik edo euren buruari eragindako lesioengatik. Zifra hori, hain zuzen, aldi horretan gertatutako suizidio guztien % 7,5 da. Gainera, guztizko suizidio kopuruak % 10,2 egin du gora: 2015ean 167 izan ziren eta 2020an 184.

Testuinguru horretan, Agifesek erabaki du urtero Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren (urriak 10) harira antolatzen duen jardunaldia gazteen errealitatean ardaztea.

Parte-hartzaileak

Eider Zuaitz Iztueta Andoaingo Osasun Mentaleko Zentroko psikiatrak eta Nekane Azuabarrena Agifeseko psikologo eta Zeuk Aukeratu programako koordinatzaileak hartuko dute hitza. Nerabe eta gazteen buru osasuna zaintzeko prebentzio eta esku-hartze programa da Zeuk Aukeratu. Era berean, Mikel Sarmientoren eta Jaione Mujikaren testigantzak izango ditugu lehen pertsonan.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak ere parte hartuko du ekitaldian, baita Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendekotasunaren eta Desgaitasunaren Arretako zuzendari nagusi Txaro Rodrigok eta Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzi Mariaje Idoetak ere.

Sarrera doakoa eta librea izango da, eserlekuak bete arte.