Agifesek 2023ko ‘Kazetaritza eta Buru Osasuna Sariak‘ banatu ditu. Ekimen honen helburua komunikazio arloko profesionalen lana aintzat hartzea da; hau da, buru osasuneko arazoei eta buru nahasmendua duten pertsonei buruzko informazioa arduraz landu, arreta sentsibilizazio sozialean jarri eta estigma ezabatzen laguntzen duten kazetarien lana nabarmentzea.

Agifeseko presidente Vicente Areta eta presidenteorde Teresa Pérez-Rubio arduratu dira kazetarien lantokietara hurbildu eta sariak banatzeaz.

Telebista

Telebistaren kategorian, ETBko albistegiek jaso dute saria, martxoaren 3an gazteen buruko osasun arazoen inguruan egindako erreportaje batengatik. Hain zuzen ere, Agifesek euskal telebista publikoaren lana azpimarratu du, gazteen artean agertzen diren nahasmenduak naturaltasunez ikusten laguntzeagatik. Era berean, gazteei ahotsa eman izana ere nabarmendu du gipuzkoar elkarteak.

Irratia

Bestalde, Eduardo Yañez Onda Cero irratiko esatari eta ‘Más de Uno Gipuzkoa’ saioko gidariak irabazi du irratiaren atalari dagokion saria, osasun mentalari eta familiei eskainitako tarte zabalagatik, azaroaren 3an Buru Osasuna Euskadi federazioari egindako elkarrizketa batean. (Elkarrizketa entzun).

Prentsa eta hedabide digitalak

Prentsa idatziaren saria Patricia Rodríguez El Diario Vasco egunkariko kazetariak irabazi du, urriaren 10ean Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira argitaratutako erreportaje batengatik. Buru osasuneko arazoak ikusarazi eta naturalizatzearen alde egindako ekarpena azpimarratu du Agifesek, baita idazlanaren ikuspegi baikorra eta hizkuntzaren erabilera egokia ere. Patriciak hirugarren urtez jarraian jaso du saria. Zorionak!

Sari hauen harira, Agifesek komunikabideen lana eskertu nahi du, gero eta kontu handiagoz heltzen baitiote buru osasunarekin loturiko informazioari. Era berean, Gipuzkoako elkarteak nabarmendu du hedabideek osasun mentaleko arazoak normalizatzen eta buru nahasmenduak dituzten pertsonak gizarteratzen laguntzeko gaitasun handia dutela.

Ildo horretan, Kazetaritza eta Buru Osasuna Sariek jarraipena izango dute 2024an, komunikazioaren arloko profesionalak kontzientziatzeko eta ondo egindako lanak aintzat hartzeko.