Buru Osasuna Euskadi federazioaren barne gauden elkarteok Osakidetzak antolatutako Osasun Mentaleko Hiru Sareen I. Jardunaldian parte hartu genuen, urriaren 9an, Deustuko Unibertsitatean.

‘Gizartea eta osasun mentala’ izeneko mahai-inguruan, hitza hartu zuen Mikel Merino Agifeseko elkar laguntzako agenteak, Buru Osasuna Euskadi, Avifes eta Asafes elkarteetako ordezkariekin batera, eta bere rol profesionalaren onurez aritu zen.

Adierazi zuenez, figura hori gero eta funtsezkoagoa da osasun mentalaren arloan, profesionalen eta erabiltzaileen arteko zubi bihurtzen delako.

Bere hitzetan:

“Agentearen eginkizuna ez da inor ordezkatzea, baizik eta konexioak sortzea, eta behar espezifiko bat antzematen bada, behar den profesionalarengana bideratzea laguntza jasotzen ari den pertsona”.

Era berean, errekuperazio pertsonalaren garrantzia azpimarratu zuen.

“Errekuperazioa ez da soilik arlo klinikoan gertatzen; izan ere, barne-estigmarekin lotura estua du. Horregatik, oso mesedegarria da buruko osasun arazoak lehen pertsonan bizi izan dituen pertsona batekin solas egitea, mezu askoz sinesgarriago eta itxaropentsuagoa helarazteko gaitasuna baitu”.

Merinoren esanetan, itxaropena ematea da agentearen eginkizunetako bat:

“Askotan, pertsonek ez dute beren buruan sinesten, eta horrek kalte handia egiten dio errekuperazio prozesuari”.

Errekuperazioa posible da

Agifeseko kideak azaldu zuenez, Vermonten (AEB) egindako azterlan klasiko batek eskizofrenia zuten 270 pertsonaren jarraipena egin zuen 32 urtez, eta ondorio argia utzi zuen: parte-hartzaileen %68k gizarte-errekuperazio maila esanguratsua lortu zuen.

“Datu horrek erakusten du posible dela edozein nahasmenduri buelta ematea, baldin eta euskarri eta helduleku egokiak baditugu”, azaldu du Mikelek.

Horren harira, Merinok gogorarazi zuen arazoa ez dela pertsona bera definitzen duena, hori “Trivial jokoko gaztaren zati bat besterik ez da”. Beste faktore asko dira pertsonaren adierazgarri: “bere ametsak, ikasketak, lana, harremanak eta erronkak, esaterako”.

Ekimen aurrendaria

Plazera da Agifesentzat horrelako topaketetan parte hartzea eta elkar laguntzako programaren inguruan dugun esperientzia partekatzea. Izan ere, ekimen aurrendaria da Euskal Herrian, eta emaitza bikainak lortzen ari da urteetan zehar.