Euskadiko federazioak prebentzioko eta arreta goiztiarreko neurriak eta osasun mentaleko arazoak dituzten adinekoentzako laguntza espezifikoak aldarrikatu ditu.
Buru Osasuna Euskadik politika publikoak eskatu ditu, osasun mentaleko arazoak dituzten nerabe, gazte eta adinekoen laguntza eta zaintza bermatzeko
“Euskadin, milaka pertsona osasun mentaleko arazo batekin bizi dira, eta oraindik ere oztopo gehiegi gainditu behar dituzte: profesionalen gabezia, arreta eskasa, lurralde-desberdintasuna, itxaron-zerrendak eta modu egonkorrean lagunduko duten baliabide komunitarioen eskasia.” Hala adierazi du María Ángeles Arbaizagoitia Buru Osasuna Euskadiko presidenteak gaur Amurrio Antzokian, Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna dela-eta egindako ekitaldi instituzionalean.
Asafes (Araba), Asasam (Aiaraldea), Avifes (Bizkaia) eta Agifes (Gipuzkoa) elkarteak biltzen dituen euskal federazioak eskatu du osasun mentalaren zaintza lehentasun publiko bihurtzea, finantzaketa nahikoarekin eta erakundeen benetako konpromisoarekin. Aurten, Buru Osasuna Euskadik arreta jarri nahi du behar berezia duten bizitzako etaparik goiztiarrenetan eta aurreratuenetan.
“Inoiz ez da goizegi, ezta beranduegi ere. Zaindu dezagun buru osasuna bizitzako etapa guztietan” lelopean, federazioak nerabezaroa, gazteria eta zahartzaroa azpimarratu ditu. Osasun mentaleko arazoek adin-tarte horietan duten eraginari buruzko datuak oso adierazgarriak dira. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, buruko nahasmenduen erdiak 14 urte bete baino lehen sortzen dira, eta depresioak 60 urtetik gorako pertsonen % 5,7ri eragiten die. Gainera, EAEko Osasun Inkestak (EAEOI 2023) adierazten duenez, depresio-zifrek gora egiten dute etapa aurreratuenetan. Zehazki, 75 urtetik gorako emakumeen artean, antsietate- eta depresio-sintomen prebalentzia % 35,1era igotzen da.
Detekzio eta arreta goiztiarra erabakigarriak dira
María Ángeles Arbaizagoitiak nabarmendu du nerabezaroa eta gaztaroa funtsezko etapak direla, eta horietan “detekzio eta arreta goiztiarrak nabarmen eragin dezakeela pertsona baten bizitzan”. Horregatik, prebentzio-programak, zerbitzu eskuragarriak eta arinak, profesional espezializatuak eta buru-nahasmendu larria duten gazteentzako laguntza pertsonalizatuak bermatuko dituzten politika publikoak eskatu ditu. “Esku-hartze goiztiarra, prestakuntza, enplegua, parte-hartze komunitarioa eta bizitza independentea sustatzeko laguntzak funtsezkoak dira osasun mentaleko arazoak dituzten gazteek beren bizi-proiektua itxaropenez eta autonomiaz garatu ahal izateko”, adierazi du.
Adinekoak, laguntza behar duen eta ikusia ez den kolektiboa
Arbaizagoitiak “osasun mentaleko arazoak dituzten adineko pertsonak” ere aipatu ditu, “sarritan ikusezina den kolektiboa”. Gogorarazi duenez, asko bakarrik edo baliabide desegokietan bizi dira, “eta isolamendu eta zahartze goiztiarreko arrisku handia dute”. “Premiazkoa da zahartze aktiboko programak, sare komunitarioak, babes-etxebizitzak eta baliabide espezifikoak bermatzea buru-nahasmendu larria dutenentzat”, azpimarratu du.
Buru Osasuna Euskadiren ustez, adinekoen osasun mentala zaintzea “babesen jarraitutasuna, arreta integrala eta komunitatean parte hartzen jarraitzeko aukera bermatzea” ere bada.
Ekitaldian, María Isabel García Peñak, Buru Osasuna Euskadiko Lehen Pertsonako Batzordeko kideak, osasun mentalean esperientzia duten pertsonek egindako manifestua irakurri du: “Benetako laguntzak behar ditugu autonomiaz bizitzeko, gizartean parte hartzeko eta geure bizi-proiektuari buruz erabakitzeko”, aldarrikatu du.
Inor atzean utziko ez duen Euskadi baten alde
Ekitaldi instituzionalean Eusko Jaurlaritzako, Arabako Foru Aldundiko, Arartekoko eta Arabako hainbat Udaletako ordezkariak izan dira, baita osasun mentalean esperientzia duten senitartekoak eta pertsonak ere.
Gontzal Tamayo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak azpimarratu du osasun mentala konpromiso partekatua dela, eta Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasunezko helburua dela. Adierazi duenez, euskal gizartea “eraldaketa sakonak eta azkarrak jasaten ari da demografia, gizarte eta bizimoduari dagokienez, eta horiek eragin zuzena dute gure buru osasunean”. Testuinguru horretan, azpimarratu du osasun mentala estigmagatik isilduta egotetik agenda publikoan, Legebiltzarrean, hedabideetan eta eguneroko elkarrizketetan egotera igaro dela, eta horrek aldaketa kultural oso esanguratsua islatzen duela.
Tamayok gogorarazi du buru osasunak garrantzi handia duela Osasunaren aldeko Euskal Itunean, eta lehendakariak lehentasun gisa ezarri duela datozen urteetarako. “Euskal osasun-sistemaren indarra aintzat hartuta, ez gara konformistak izan behar; sistema hurbilagoa, iraunkorragoa eta gizatiarragoa eraiki nahi dugu, pertsonak erdigunean jarriko dituena, bai pazienteak, bai profesionalak, bai familiak”.
Eusko Jaurlaritzako Bizitza Osoari Laguntzeko zuzendari Marian Olabarrietak aurreiritzi sozialek edo zerbitzuen egokitzapen faltak oraindik ere sortzen dituzten oztopoak kentzearen alde egin du, eta osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen parte-hartze soziala eta laneratzea bermatu behar direla defendatu du, gizarteratze-, kontratazio- eta enplegu-prozesuetan oraindik diskriminazioa jasaten duen kolektiboa baita.
Gorka Urtaran Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuak defendatu duenez, erakundeen helburua “pertsona guztien ongizatea bermatzea izan behar da, baita osasun mentaleko arazo batekin bizi direnena ere”. Konpromiso hori Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren lehen artikuluan jasotako askatasun, berdintasun eta elkartasun balioetan oinarritzen dela adierazi du, eta Arabako Foru Aldundiak Hirugarren Sektoreak, Asafes eta Asasam bezalako elkarteen bidez, kudeatzen dituen osasun mentalaren aldeko programa eta zerbitzuei ematen dien laguntza ekonomikoa nabarmendu du. Era berean, Urtaranek “profesionalen eta familien paper goresgarria” txalotu du, eta ziurtatu du “pertsonei babesa ematen dien komunitate enpatiko batek zuzenean laguntzen duela buru osasuna hobetzen”.
Bestalde, Inés Ibáñez de Maeztuk, jarduneko Arartekoak, baieztatu du beharrezkoa dela bermatzea pertsona bat ez dela bere eskubideez gabetuko, ezta bere erabakietatik kanpo utziko ere desgaitasunagatik edo osasun mentaleko arazoren bat izateagatik. Bereziki zaurgarria den kolektibo honek “estigmaren ondoriozko marjinazioa, gizarte-bazterkeria eta diskriminazioa pairatzen jarraitzen duela” salatu du, eta oraindik ere indarrean dauden arriskugarritasun estereotipoak apurtzearen garrantzia nabarmendu du. Halaber, Arartekoaren ordezkariak ohartarazi du etxebizitza duinik ez izateak, lan-prekarietateak edo zerbitzu publikoak eskuratzeko zailtasunek eragin zuzena dutela osasun mentalean, eta Arartekoak kolektiboarekin duen konpromisoa berretsi du.
Azkenik, Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak adierazi duenez, “nahi ez den bakardadeak adin guztiei eragiten die eta zeresan handia du ongizate emozionalean. Gizarte gisa, pertsonak lagundu, entzun eta baloratuta sentiarazteko espazioak sortu behar ditugu. Bakardadeari aurre egitea osasun mentala zaintzea da.”








