Suizidioa prebenitzeko eta pertsonei babesa emateko laguntza-sareak sortzearen garrantziari buruz mintzatuko da Iratxe Etxenike psikologoa irailaren 24an Hondarribian. Agifeseko profesionalak sufritzen ari diren pertsonengana gerturatu eta laguntzeko jarraibideak eskainiko ditu, baita prebentziorako gakoak eman ere. Horrez gain, senide edo gertukoren bat galdu duten pertsonei dolu-prozesuan babesa nola adierazi ere azalduko du. Saioa kultur etxean izango da, 18:00etatik aurrera.

Suizidioak mindutako pertsonen Biziraun elkarteko kidea ere bada Etxenike. 2021ean batu zen senide baten heriotzaren ondorioz, eta egun elkar laguntzako taldeetako koordinatzaileetako bat da. Bere esanetan, suizidioaren inguruan esku hartzeko behar handia dago, arlo guztietan: prebentzioan, interbentzioan eta posbentzioan. “Jendeak ez daki nora jo, instituzioek ez dute gai hau osotasunean jorratzen, eta, askotan, zuzenean bideratzen dute jendea Biziraunera. Gure alorra posbentzioa da eta baliabide gabezia handia dago”.

Etxenikek ohartarazi duenez, “askok uste dute suizidioa familia desegituratuetan gertatzen dela, baina ez du zertan; edonori gerta dakioke”. Hori dela eta, seinaleei adi egotearen garrantzia azpimarratzen du. “Pertsonaren jarreran aldaketak gerta daitezke ondoezaren ondorioz, eta ez dira beti erraz antzematen: adibidez, lo egiteko arazoak, elikadura-ohiturak aldatzea, gauzetan interesa galtzea, lagunekin edo familiekin gutxiago egotea…”.

Sufritzen ari denari “benetako denbora” eskaintzearen eta “ingurune segurua” sortzearen beharra nabarmendu du. “Ez dago hitz magikorik, baina entzuteak eta ondoan egoteak laguntzen du”. Doluan dauden familiei dagokienean, ezer esan aurretik “bi aldiz pentsatzeaz” ohartarazi du, min ez emateko eta erruduntasun sentimendua ez areagotzeko. “Pertsona asko blokeatu egiten dira horrelako egoeretan ez dakitelako zer esan, baina ez dago gertutatasuna hitzez adierazi beharrik, ekintzen bidez ere transmititu diezaiokegu pertsonari berataz arduratzen garela”, jakinarazi du.