Agifesek gazteei eta nerabeei zuzendutako Zeuk Aukeratu programa zabaltzen jarraitzen du.
Agifesek buru osasuna sustatzeko eta arazoak prebenitzeko saioak eskainiko ditu Donostian eta Errenterian
Agifesek Zeuk Aukeratu programa zabaltzen jarraitzen du, nerabeen eta gazteen osasun mentala sustatzeko eta arazoak prebenitzeko. Donostiako Udalaren eskutik, ekimena bigarren urtez jarraian iritsiko da hiriko hainbat ikastetxetara, eta 200 saio eskainiko dira denera. Errenteriako Udalarekin ere akordio batera iritsi gara herriko hezkuntza-arloko beharrei erantzuteko.
Gazteen eta nerabeen osasun mentalari buruzko datuek erakusten dute osasun mentaleko arazoen % 50 14 urte bete aurretik agertzen direla, eta % 75 18 urte bete aurretik. Gainera, gazteen % 49k pentsatu dute noizbait beren buruaz beste egitea. Hori dela eta, ekimen honen helburua da buru osasuna zaintzearen garrantziaz sentsibilizatzea, zeinu goiztiarrak identifikatzeko, bereziki adingabeengan, eta estigmari aurre egiteko.
Zeuk Aukeratu programa hezkuntza-sistemako eragile guztiei zuzenduta dago, eta, beraz, familiak, irakasleak eta 12 eta 22 urte bitarteko ikasleak biltzen ditu.
Antsietatea, gogo-aldarte baxua, familia- eta ikasketa-arazoak eta bere buruaz beste egiteko ideiak edo saiakerak dira gazteei gehien eragiten dizkieten arazoak. Horrek ondorio negatiboak ditu errendimenduan, ongizatean eta bizitzan.
Helburua babes-faktoreak indartzea eta ondoez emozionalaren arrisku-faktoreak minimizatzea da; izan ere, sintomek, denboran irauten dutenean, estresa eragiten diote pertsonari eta modu normalizatuan funtzionatzea eragozten diote. Gainera, sintoma horiek buru osasuneko arazoak eragin ditzakete eta prozesu afektibo eta kognitiboei, gogo-aldarteari, pentsamenduari eta portaerari eragin diezaiekete.
Saioen dinamika
Programa 1,5 orduko iraupena duten tailerretan egituratzen da, eta ikasleen adinera egokitutako dinamikak dituzte. Era berean, orientatzeko eta irakasleekin koordinatzeko saioak egiten dira, baita arreta psikologikoa emateko banakako saioak eskaini ere.
