Agifesek Zeuk Aukeratu prebentzio-programa zabaltzen jarraituko du Donostiako Udalaren eskutik, gipuzkoar hiriburuko nerabeen eta gazteen buru osasuna zaintzeko.
Nerabeen eta gazteen buru osasuna zaintzeko Zeuk Aukeratu programa Donostian hedatuko da Udalaren eskutik
Agifesek Zeuk Aukeratu prebentzio-programa zabaltzen jarraituko du Donostiako Udalaren eskutik, gipuzkoar hiriburuko nerabeen eta gazteen buru osasuna zaintzeko.
Marisol Garmendia Ekologiako eta Osasun Publikoko zinegotziak adierazi duenez, “gazteen eta nerabeen osasun mentalari buruzko datuek egoera kezkagarri samarra erakusten dute. Osasun mentaleko arazoen % 50 hamabost urte bete aurretik agertzen dira, eta % 75, berriz, hemezortzi urte bete baino lehen. Datu kezkagarria da, zalantzarik gabe: gazteen % 49k pentsatu du noizbait bere buruaz beste egitea, eta inoiz halakorik pentsatu ez dutenak baino bi puntu gehiago dira. Sentsibilizazioa piztu nahi dugu osasun mentala zaintzeak duen garrantziaren inguruan, eta, horretarako, erabakigarria da zeinu goiztiarrak identifikatzea, bereziki adingabeengan, kontuan izanik arazoak eragin ditzaketela gerora. Hala, ahalik eta gehien txikitu nahi dira estigmaren ondorioak, eta, bide horretan, estereotiporik gabe ikusi behar da arazoa”.
Zeuk Aukeratu hezkuntza-sistemako eragileei zuzenduta dago; izan ere, guztiek dute eginkizun garrantzitsua gazteen garapen pertsonalean, eta, beraz, barnean hartzen ditu familiak, irakasleak eta 12 eta 22 urte bitarteko ikasleak.
Gazteei gehien eragiten dieten arazoen artean ageri dira antsietatea, gogo-aldarte apala, familia-arazoak, arazo akademikoak eta suizidio-ideiak edo -ahaleginak. Horrek inpaktu negatiboa du haien errendimenduan, ongizatean eta bizitzan. Helburua da babes-faktoreak indartzea eta ahalik eta gehien murriztea ondoez emozionalaren arrisku-faktoreak. Ondoez emozional horrek konnotazio eta sintoma ugari ditu, eta, denboran zehar irauten dutenean, estresa sorrarazten dute pertsonarengan eta galarazi egiten dute normal funtzionatzea. Nahasmendu horiek prozesu afektibo eta kognitiboei, aldarteari, pentsamenduari eta portaerari eragiten die.
Zertan datza egitasmoa
Programa 1,5 orduko tailerren bidez egituratzen da. Lehenengo zatian, ondoez emozionala edo depresioa jasan duten pertsona ospetsuen bideoak erabiltzen dira, baita lehen pertsonan emandako lekukotasunak ere; horri esker, naturalizatu egin nahi da haien agerpena pertsonen bizitzan —zehazki gazteenen artean—, osasun mentalaren auziari heldu ahal izateko.
Ondoren, ikasleen adinera egokitutako dinamikak egiten dira, iritziak, zalantzak eta esperientziak planteatzeko gune bat eskaintzeko eta gelan partekatu ahal izateko. Ildo horretan, buru osasunaren inguruan hitz egitearen garrantzia azpimarratzen da: Arazo emozionalak naturalizatzea, hitzez adieraztea eta laguntza eskatzea horrelako arazoak kudeatzeko zailtasunak gainditzeko.
Saioa amaitzeko, tresna komunitarioak eskaintzen dira, hala nola laguntza-telefono bat edo WhatsApp zenbaki bat, gazteek haietara jo ahal izateko behar izanez gero. Zeuk Aukeratu programaren azken helburua da baliabide hori ikusaraztea eta bizitzako uneren batean laguntza psikologikoa behar duten pertsonen eskura jartzea.